Atzo arratsaldean eskaini zuten Hitz egin dezagun zaintzaz ikastaroaren aurreneko saioa Kultur Etxean, Zaintzak ez dira inprobisatzen izenburupean. Orioko Udalaren Zaintzak Plazara egitasmoaren barruko ikastaroa da, eta saioak Olaia Arana gizarte langileak gidatuko ditu. Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko Etika Batzordeko kidea da Arana.
Otsailaren 2ra arte, astelehenero eskainiko dute saio bat. Hurrengo astean zaintza medikuei buruz ariko dira, zehazki, aurretiazko borondateen agiriei buruz. Hirugarren saioan zaintza administratiboak landuko dituzte, notario ahalordeak. Azkenik, zaintza ekonomikoaren barruan, testamentuaz eta baliabide sozialez ariko dira.
Saioetan parte hartzeko interesa duenak galdetegi hau bete behar du. Ikastaroak Kultur Etxean izango dira, astelehenetan, 17:30ean hasita.