Arostegi tailerrean arrantzontziak konpontzen eta berritzen dituzte, eta azaro erditik otsailera arte, ontziak lehorrean dauden bitartean, lanez lepo ibiltzen dira. Bermeoko Caraba itsasontzia azaroaren 17an uretaratuta, Getariako arrantzontzi bat hartu dute orain, eta ondoren, Hondarribiako (Gipuzkoa) beste bat iritsiko da Xuaira. Hala kontatu du Aritz Arostegik. Bera da etxeko enpresako laugarren belaunaldia eta gaur egungo burua. Tiburtzio Arostegi birraitonak sortu zuen lantegia, eta ordutik, belaunaldiz belaunaldi transmititu dute ofizioa eta jakintza.
Itsasontzia uretaratu berri
Zapotan eta hegaluzetan ibiltzen den Bermeoko (Bizkaia) Caraba itsasontziarekin aritu dira lanean azken bi hilabeteetan Xuain, eta azaroaren 17an uretaratu zuten. Dezenteko eraberritzea egin diote: motorra konpondu, jela egiteko makina eta nebera berriak jarri, aire konprimituarekin eta hondarrarekin garbitu edo txorreatu, hainbat zati txapa-berritu, eta goitik behera margotu. Irudian, Xuai ontzitegitik erriora uretaratu zuten momentua.
Hiru kokaleku
Kaia kalean hasi zen Tiburtzio Arostegi itsasontziak konpontzen zein itsasontzien zatiak egiten, eta hasierako tailer hark zabalik jarraitzen du; solairu bakarra zuen orduan, eta hiru ditu gaur egun. Dena den, Ubegun industrialdean dute tailer berria, handiagoa eta modernoagoa. Xuai ontzitegia, berriz, orain hamarkada bat pasatxo hartu zuten, eta karroak, erreiak eta dorretxoak berritu zituzten. Portu Zuzendaritzarena da ontzitegi hori, eta urte askoan herriko armadoreek kudeatu ondoren, Arostegiri eskaini zioten haren ardura hartzea. Orain pare bat urte sinatu zuten hogei urterako lagapena.
Baporezko ontziekin hasita
Aritz Arostegik duela 11 urte hartu zuen Tiburtzio aitaren lekukoa, baina txikitatik ikusi ditu lanean etxekoak, eta azaldu du hamarkadaz hamarkada aldatuz joan dela ofizioa. "Aitonaren garaian, erriberako arotzek egiten zituzten itsasontzien kroskoak, eta gainerako guztia Arostegi tailerrak egiten zuen: motorra, mastadia, makilak, patroiaren kabina, zubia...". Birraitonaren garaian, berriz, itsasontziak baporezkoak izaten zirela kontatu du, eta haien mantenu lanak egiten zituztela. "Autoen sektorean ere aritzen zen lanean birraitona. Ibilgailuak alokatzen zirela dioen kartel zahar bat ere badugu hor nonbait", esan du. Irudian ikusten denez, gaur egun material modernoagoekin egiten dute lan.
Jakintzaren transmisioa, sekretu eta guzti
Mekanikako eta galdaragintzako jarduna aitaren garaitik mantentzen dute, eta gaur egun hidraulika arloko gauza gehiago ere egiten dituzte. Ontzi batzuk urrundik ekartzen dituzte Arostegira, eta jabeak uste du urteen poderioz lortu dutela nolabaiteko prestigioa. "Arazo larriren bat dutenean, arraina harrapatu ezinik edo baldin badaude, gugana jotzen dute konponbide bila. Hegaluzeak soinu kontuekin-eta bitxiak dira, eta horri aurre egiteko jakintza batzuk belaunaldiz belaunaldi transmititu dira gurean, erdi sekretuan", kontatu du, irribarretsu, gehiago zehaztu nahi izan gabe.
Fundiziotik itsasorantz
Aritz Arostegiren birraitona modelista zen, eta fundizioan egiten zuen lana. Hain zuzen, Kaia kaleko tailerra dagoen tokian zen fundizioa sasoi hartan, eta hura itxi zutenean hasi zen itsasontzien negozioarekin, tailerra eskuratuta. Tailer zaharrak txoko xarmangarri ugari ditu, irudietan ikusten den kaxoi txikiz jositako gela eta goiko pisuko oilategia, esaterako.
Irudimen handiko familia
Ubegun industrialdeko tailer berrian badute pieza berezi bat, Aritzen aitak berak osorik muntatutakoa, ofizioa afizioa ere badutelako. Beraiek itsasontzi batentzat egindako motorra da, eta aitak tailerrean jarri zuen hura erosi zutenean, 1989an, "alternadorearekin argindarra joaten zenerako". 55 zaldikoa eta bi zilindrokoa da motorra, eta haize konprimituarekin arrankatzen da. Bestalde, aitak arotzeriarako ere afizio handia duela zehaztu du semeak, eta birraitonak ere bai nonbait: "Birraitonak sukalde bat patentatu zuen, gasoilarekin ibiltzen zena".
Pieza zaharren balioa
Arostegi tailerrean zer ez dago! Tamaina guztietako piezak eta moldeak, historia handidun makinak... Beste pieza batzuk, berriz, zaharrak dira soilik, baina horiek ere badira baliotsuak beren erara: "Itsasontziek, kanpaina betean matxuraren bat baldin badute, berehala behar izaten dute konpontzea berriz itsasoratzeko; ezin izaten dugu astebete galdu pieza baten zain. Halakoetan, momentuko aterabidea izaten da pieza zaharra jartzea; eta gero, gerokoak".
Museoko makinak
Museo batean erakusteko moduko makinak eta piezak dituzte Arostegin, aurrenekoa tailerraren kanpoaldean bertan: hodiak eta tolesteko makina bat, kurbadora, 100 urte baino gehiago dituena, eta oraindik, tarteka, erabiltzen dutena. Tailer barruan, beste horrenbeste. Irudiko zulagailua zaharra bezain praktikoa dela kontatu du Arostegik, eta mantaz tapatuta badute beste bat, arrabota edo zepillo zahar bat, Elgoibarko (Gipuzkoa) Makina Erreminta Museoak eskuratu nahi duena. "Garbiketa egiten dugunean eramango diegu", esan du Aritz Arostegik.
Pieza ospetsuak ere bai
Denetarik dago tailerreko hormetan, sabaitik zintzilik... Lurrean, tornuko txirbilaz gain, film ezagunetako piezak ere bai. Argazkiko hodia Ocho apellidos vascos filmean agertzen den itsasontzi batekoa da. Gaur egun Getarian dago itsasontzia, eta hodi zaharkitu hori, tailerreko zoruan. Bulegoan koadroetan dituzte, berriz, azken urteetan egindako baporeen argazkiak, tartean Ave Maria Orioko arrantzontziarena. Kantauriko uretan ibiltzen dira Arostegin egindako ontzi gehienak, baina egin izan dituzte Mediterraneorako ere.
Ziurgabetasun handiko etorkizuna
Sektoreak zikloka funtzionatzen du, eta diru laguntzak daudenean, itsasontzi flota berritu egiten dute armadoreek. Gainerakoan, konponketak eta berrikuntzak egiten aritzen dira. Ofizioaren etorkizunaz galdetuta, hasierako erantzuna izan da "ziurgabetasun handia" nabari dutela. Era berean, ordea, lanik ez zaie falta. Hala esan du Aritz Arostegik: "Itsasontziak gutxitzen ari dira, eta era berean, bezero berri asko ari zaizkigu etortzen, gurea bezalako gero eta tailer gutxiago ari delako gelditzen. Beraz, bata bestearekin konpentsatzen dugu. Aitak zioen ura dagoen bitartean itsasontziak izango direla, era batekoak ala bestekoak, eta horixe uste dut nik ere".
Bosgarren belaunaldia prestatzen
Arostegi tailerrak lau belaunaldiz eutsi dio ofizioari: Aritz Arostegiren birraitonak aitonari irakatsi zion itsasontziei buruz jakin beharreko guztia; aitonak, semeari; eta semeak, Aritzi. Azken horrek 16 urteko semea dauka, Ibai, eta badirudi soka ez dela etengo, uda beraiekin igaro baitu tailerrean, praktikak egiten. "Masterrak horrela ateratzen dira", esan du aitak, Aritz Arostegik. "Oraingoz nahi du gurekin lan egin, eta ez diogu ilusioa kenduko", esan du, irribarretsu. Argazkian, aita-semeak Ibaik 9 urte zituenean.
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.












