Guretzat albiste oso txarra izan da Nazio Batuen Erakundeko (NBE) 11 herrialdek hartu berri duten erabakia urriaren 31ko Segurtasun Kontseiluan. Esan dute Marokoren autonomia izan behar duela Mendebaldeko Saharak. Aldeko 11 boto izan dira eta hiru abstentzio –Txina, Errusia eta bozketan egon ez zen Aljeria–, eta onartu dute AEBek bultzatutako erresoluzio bat, urtebetez luzatuz Nazio Batuen misioa zonalderako –Minurso izenekoa– eta Marokoren subirautza eskaera babestuz, arazoaren konponbiderako oinarritzat Marokok proposatutako autonomia plana onartuta.
Orion bizi garen sahararrok, baita Europan zehar eta errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direnek ere, ez dugu hau ontzat ematen. Marokoren autonomiaren proposamena erabat gaitzesten dugu. Ez Ameriketako Estatu Batuek, ez beste inongo herrialdek, ez dute herrien ordez autodeterminazio eskubidea egikaritu behar. Hori argi eta garbi islatzen da NBEren Segurtasun Kontseiluaren azken ebazpenean (2797). Ebazpen horren arabera, Saharako gatazkaren edozein konponbidek koherentea izan behar du Nazio Batuen Gutunarekin, eta Mendebaldeko Saharako herriak autodeterminatzeko erreferenduma egitearen mende egon behar du.
Ez gaude ados, beraz, eta gauden tokian gaudela, ozen esango dugu hori. Saharar gisa, independentzia nahi dugu eta helburu hori lortu arte borrokan eta erresistentzian jarraituko dugu. Horretarako, euskal herritaren babesa behar dugu, inork baino hobeto ulertzen baitute zer den okupatua eta kolonizatua izatea. Sahararron arazoa ez da gaurkoa; 50 urte bete ditu jada, eta 50 urte daramatzagu independentziaren zain, gure herritik alde eginda, borrokan, eta ez dugu hori baino gutxiago onartuko. AEBak, Espainia, Maroko eta gainerako herrialdeak ez dira pentsatzen ari zer den onena sahararrontzat; beren buruekin pentsatzen ari dira soilik, zer den onena beraientzat eta beren negozioentzat.
Orain urte batzuk NBEko 87 herrialde genituen alde; orain, 34. Egoera larria da, beraz. Horregatik, Guerara Orio elkarteak Orioko Udalari eskatuko dio jar dezala udaletxeko balkoian Saharako bandera, eta baita kartel bat, ere Autodeterminazio eskubidea bai, autonomia ez dioena. Badakigu Anuska Esnal alkatearen esku ez dagoela gure herriaren etorkizuna aldatzea, baina hari ere eskatu nahi diogu, oriotarron alkate den heinean, egin dezala bere eskuetan dagoen guztia.
Sahararrok gure azken odol tanta eman arte borrokatuko dugu.