"Aisialdi plan lasaiak" ere sustatzeko asmoz, mahai jokoekin arratsalde pasa egitea proposatu dute Etxeluze gaztetxeko kideek hurrengo asterako, zehazki, urtarrilaren 18rako, igandearekin. 16:30ean elkartu, eta elkarrekin jolastea da helburua.
Nork bere etxetik gustukoen dituen jokoak eraman ditzake Gaztetxera, eta azpimarratu dute "adin eta toki guztietako jendea" izango dela ongietorria.
Ekintza alternatiboa
Ideia Gaztetxeko kide bati bururatu zitzaiola azaldu dute, hark Zarauzko eta Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxeetan ezagutu izan dituelako halako jarduerak, eta pentsatu zuen ideia ona litzatekeela halako plana egitea Orion, "alternatiba moduan kontzertu eta parrandei". Horiek ere oso ondo daudela aitortu arren, "alkohola eta soinu fuerteak ez diren ekintza gutxi" egoten direla irizten dio Gaztetxeko kide horrek, eta "mahai jokoek bestelako inguru bat sortzen" dutela gaineratu du.
Hilaren 18ko hitzorduak helburu zehatzik ez duen arren, "ederra izango litzateke plan hau gehiagotan egin ahal izatea jendeak interesa balu, eta zer esanik ez, honetan interesa dugunok elkar ezagutzea eta agian, mahai jolasen talde bat sortzea".
Oraingoz, ordea, arratsalde dibertigarri bat igarotzea da antolatzaileen nahia.