Orion hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, igandean

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 8a

Orioko absolutu gizonezkoen ontzia, iaz, etxeko estropadan. (Joxeju Olasagasti)

Infantilak, kadeteak, jubenilak eta absolutuak lehiatuko dira gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta irteera eta helmuga puntuak Ibai Ondo kaleko Salatxo tabernaren parean kokatuko dituzte. Guztira 11 jardunaldi izango ditu ligak, eta martxoaren 29an jokatuko dituzte finalak. 

Igandean hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, eta eskualdeak hartuko du aurreneko hitzordua: Oriok. Lehenengo jardunaldia 09:00etan hasiko da, eta gizonezko zein emakumezkoetan, infantilak, kadeteak, jubenilak eta absolutuak lehiatuko dira. Estropadak lerroz lerro, hau da, linean, jokatuko dituzte, 1.000, 1.500 eta 2.000 metroko distantzietan. Irteera eta helmuga Ibai Ondo kaleko Salatxo tabernaren parean izango dira kategoria gehienentzat. Izan ere, kadeteak Gaztetxe parean hasiko dira lehian, herriguneraka. Aurreneko jardunaldia Badok13 Orio beteranoen taldeak antolatu du.

Eskualdeko ontzirik ez da faltako aurten ere bateletan, nahiz eta ikusteko dagoen Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako arraun klubek zenbat ontzi eta zer kategorietan uretaratuko dituzten.

11 jardunaldi

Urtarrilean hasi eta martxo amaierara arte, ligak 11 jardunaldi izango ditu aurtengoan. Bigarren jardunaldia hilaren 18an izango da, igandearekin, Pasai Donibanen, 10:30ean hasita, eta hirugarrena hilaren 24an, larunbatean. Jardunaldi horri buruzko informaziorik ez dute eman, oraindik. Gainerako hitzorduak otsailaren 1ean, 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira, eta martxoan, berriz, 14an, 15ean, 21ean eta 22an.

Finalak noiz jokatuko dituzten ere zehaztuta dute: martxoaren 29an izango dira, igandearekin. Finalerako sailkapenak, berriz, bezperan egingo dituzte. Finalak eta sailkapena kontuan hartuta, denera hamahiru hitzordu izango ditu Gipuzkoako Batel Ligak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide