Xabat Elortza eta June Agirrezabalaga aurten ere nagusi San Silbestre lasterketan

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 31

300 lagun pasatxok hartu dute parte lasterketa nagusian, eta giro ezin hobe sortu da beste urte batez. Urdaiazpikoa Mikel Atxega aiarrak eraman du. Proba nagusiaren aurretik, haurrak eta gaztetxoak ere aritu dira korrika.

Ohikoa bihurtu da urtea korrika eginez amaitzea, eta Orion jada ezinbesteko kirol hitzordu bihurtu da Orioko Atletismo Taldeak, Orioko Udalarekin elkarlanean, antolatu ohi duen San Silbestre lasterketa. Giro ederra nagusi, 300 lagun pasatxok hartu dute parte gaur eguerdian urte amaierako proba nagusian, bakoitzak bere erronka bete nahaian, eta aurten ere Xabat Elortza oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan dira garaile; iaz ere aipatu bi korrikalariek irabazi zuten.

Lasterketa hasi bezain pronto, Orioko Atletismo Taldeko kideak hasi dira tiraka, eta berehala jarri dira buru Martin Iriondo  eta Xabat Elortza; Jokin Bellidok , Aritz Lizarraldek eta Mikel Usandizagak segundo oso gutxira jarraitzen zien orpoz orpo. Bigarren itzulian, ordea, aldeak zertxobait nabarmendu dira atzekoen artean, eta garaipena lortzeko lehian, azken luzean Iriondo baino indartsuago izan da Elortza. Txapeldunak 15:02ko denboran osatu du proba, eta bost segundora helmugaratu da Iriondo; Bellido izan da hirugarren, 22 segundora.

Emakumezkoetan, Agirrezabalaga hasieratik buru jarri da, eta ongi neurtu du lasterketa. Hala ere, Maria Cobo eta Amagoia Iribar oriotarrak orpoz orpo izan ditu, batez ere, lehen itzulian. Azkenean, 17:47ko denboran osatu du ibilbidea, eta hamar segundo atera dio Iribarri; Cobo izan da hirugarren izan da, 22 segundora.

Aurtengo lasterketak ere sorpresa berezia izan du. Antolatzaileek urdaiazpiko bat jarri dute helmuga puntuan, mahai baten gainean, bigarren itzulian. Edonork har zezaken, baina baldintza bakarrarekin: ibilibidea urdaiazpikoa eramanez bukatu behar zen korrika. Helmugatik igaro diren lehen lasterkariek ez ikusiarena egin dute eta beste batzuk ez dira kontura, Mikel Atxega aiarrak lepoan hartu eta aurrera jarraitu duen arte. Sari ederra eraman du, zalantzarik gabe.

Lasterketa nagusiaren aurretik, haurren San Silbestre lasterketak ere egin dituzte, adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidearekin. Etxeko txikienak gustura aritu dira korrika, eta pozik jaso dute domina. Gazte mailako –LH 5, LH 6, DBH 1 eta DBH 2 mailetako– lasterketari nolabaiteko balioa emateko, lehen hiru sailkatuak saritu dituzte: mutiletan, Beñat aiestarain izan da irabazle, Telmo Lertxundi bigarren eta Ganix Sukia hirugarren; eta nesketan, Mani de la Funte garaile, Naia Makazaga bigarren eta Jare Miner hirugarren.

Sailkapenak hemen ikusgai

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide