Bizitza Askeak Plazer kanpaina aurtengo azaroan aurkeztu du Orioko Udalak, eta jakinarazi du ordutik hainbat izan direla ekimenarekin bat egin duten herriko eragileak. Udala oso eskertuta agertu da eragile horiek adierazi duten elkartasunagatik: "Argi erakusten du erronka denona dela, eta elkarrekin aritzeko gogoz gaudela".
Datorren urtean ere Orio herri bizigarriagoa eta berdinzaleagoa izan dadin lanean jarraituko duela esan du udalak, herritar guztien bizitza askeak helburu. Izan ere, indarkeria adierazpen orori modu bateratuan eta eraikitzailean erantzuteko helburuz sortu zen ekimena, eta bide horretan lanean jarraitu nahi dute datozen hilabeteetan ere.