Kukuarrin zentral eoliko bat eraikitzeko aukera ari da aztertzen Eusko Jaurlaritza

Erredakzioa 2025eko abenduaren 28a

Zentral eoliko bat. (pixabay)

Orioko Udalak hainbat proiektu gauzatuko ditu 2026an, besteak beste, Europar Batasunaren klima aldaketaren aurkako programan parte hartu ahal izatea. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hasiak dituzte proiektua zehazteko lehenengo bilerak. 

Eusko Jaurlaritza Kukuarri inguruan aerosorgailuen zentral eoliko bat sortzeko aukera aztertzen ari da. Proiektuaren helburua eremu horretan sortzen den haizearen energia aprobetxatzea litzateke, Orioko herria hornitzeko, eta, aldi berean, bere fakturak merkatzeko. Proiektu honetan erabiliko diren aerosorgailuak azken teknologiako 3.2 MW modeloak izango lirateke, eta horiek ez datoz bat aurrekoekin, izan ere, altuera txikiagoa dute. Hori horrela izanda, ez litzateke Orioko paisaia "desitxuratuko".

Pasa den astean bildu ziren Eusko Jaurlaritzako eta Orioko Udaleko ordezkariak, proiektuaren nondik norakoak zehazteko. Orain arte hitz egindako guztia "proiektu pilotu baten parte" izan arren, udalak herriko etxe guztietara galdetegi bat bidaltzea erabaki du, besteak beste, herritarren iritziak jasotzeko. Bestalde, proiektuaren erdia Europar Batasunak diruz lagunduko duela aurreratu dute, klima aldaketa saihesteko programaren bitartez. Eusko Jaurlaritzak ere portzentaje bat jarriko luke, eta oraindik erabaki gabe dago zenbateko hori.

Hala eta guztiz ere, uste da 2026ko lehen seihilekoan, Kukuarri mendiko aerosorgailuak nola geratuko diren erakusten duen maketa bat erakutsi ahal izango dela. Maketa hori Kultur Etxeko aretoan jarriko lukete ikusgai, udalak inbertitu beharko lituzkeen kopuruekin eta herrira ekarriko lituzkeen onurekin batera. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide