Sei gako hezkidetza diagnostikoaz

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 18a

Bi pertsona kanpito inguruan, errio bazterrean paseoan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zer da hezkidetza

Norbanako guztiak berdintasunean eta bazterkeriarik gabe heztea, betiere aniztasuna oinarri hartuta.

Diagnostikoa datuetan:

• 114 lagunek parte hartu dute, 93 emakumek eta 21 gizonek.

• Arlo hauetako partaideak: hezkuntza formala, hezkuntza ez formala, eragile sozialak, kirola, herrigintza eta udala.

• 20 lan saio, elkarrizketa eta behaketa egin dituzte.

Helburua:

Herri hau berdinzaleagoa, anitzagoa, askeagoa, denontzat bizigarria egiteko ale bat jartzea.

Diagnostikoko ondorioak

Hezkuntza formala:

Hezkuntza komunitate osoa inplikatuko duen koordinazio, sistematizazio eta plan integrala behar da, ulertuta ikasketa eta kontzientziazio prozesuak kolektiboak direla, ardurak bezainbeste, eta agente guztiei dagokiela ikasi, moldatu, hausnartu eta aldatzea, ez soilik ikasleei.

Hezkuntza ez formala:

Batetik, egiten den lan boluntarioari eta inplikazioari errekonozimendua eman behar zaio; bestetik, formakuntza beharrezkoa da hezkidetzaren gaian, intuizioz edo asmo onez egiten den horrek oinarri batzuk izan ditzan; eta, azkenik, jada martxan dauden koordinazio espazioak indartu eta saretu behar dira.

Herrigintza eta kultur transmisioa:

Gatazkak badaude, baina baita balioen transmisio osasuntsuagoa egiteko indarguneak ere. Inportantea da koordinazio espazioei behar duten atentzioa jartzea, han gertatzen direnak ia-ia herri mailako balioen negoziaketak eta kokapenak izaten baitira. Birpentsatu egin behar dira Festa Batzordea eta bestelako koordinazio espazioak. Tradizioekiko aitortza eta errespetua dago, eta horrek eraldaketa eta kontsentsurako aukerak ematen ditu.

Kulturartekotasuna:

Orioko identitatean hainbesteko garrantzia duen euskarak kulturartekotasun eta herritartze funtzioak ere betetzen ditu, eta bide horretan, ezinbestekoak dira ikastetxeen eta AEKren paperak. Garrantzitsua da AEK egotea koordinazio esparru batzuetan. Arrazakeriaren auzia lantzen hasi behar da modu koordinatu eta integralean. Herri mailan kulturen arteko ezagutza bultzatzeko ekimenak beharrezkoak dira.

Kirola:

Hezkidetza balioak transmititzeko ezinbesteko jardun multzoa da eta lanketa propioa behar du, besteak beste, emakumeen parte hartzea eta horien errekonozimendua elikatzeko.

Mugimendu Feminista eta LGTBIQ+:

Oraindik ideia feminista eta mugimenduei lotutako aurreritzi handiak daude eta horrek zaildu egiten du hainbaten inplikazio zuzena ahalbidetzea. Hala ere, indarkeria matxistarekiko sentsibilizazioa garatzen ari den herria da, eta hori bera indargune gisa ikusten da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide