Urte sasoi bakoitzak bere joerak dakartza: kolore nagusiak, ehun berriak eta pasareletako proposamen ausartak. Udazken honetan ere hala izango da: marroiaren eta tonu neutroen itzulera, koadroak, ehundura naturalak... Baina, azken batean, modaren erritmo azkar horren atzean badago zerbait iraunkorragoa: nortasuna.
Irudi aholkulari bezala, gero eta gehiago ikusten dut modaren eta pertsonaren arteko oreka hori bilatzen duen jendea. Ez da erraza. Sare sozialetan eta komunikabideetan jasotzen dugun informazioak askotan presioa eragiten du, eta dena azkar aldatzen da: kolore in batetik bestera, oinetako forma batetik bestera nahiz jantzi mota batetik bestera. Baina, nire ustez, moda ez da zertan lasterketa bat izan. Modak inspiratu egiten gaitu, baina estiloak kokatu egiten gaitu.
Askotan, nire bezeroek ere galdetzen dute: "Zer dago modan?". Nik, ordea, kontrako galdera egiten diet: "Zuk nola sentitu nahi duzu jantzita?". Hortik hasten da prozesu guztia. Ez da kanpoko arauak jarraitzea, baizik eta barrutik kanpora lan egitea. Kolore egokia, forma egokia, ehun egokia… ez dira moda unibertsalak; zuretzako egokiak direnak dira garrantzitsuak.
Koloreari dagokionez, adierazpen pertsonalaren tresna indartsuenetakoa da. Batzuetan jendeak beldurra dio koloreari, baina kolorea ez da ausardia kontua, baizik eta oreka bilatzea. Zure azalaren tonuarekin, begien distirarekin eta zure energiaren izaerarekin bat egiten duenean, janzkerak indar berezia hartzen du. Eta hori ez da inoiz modaz pasatzen.
Gero eta gehiago entzuten dugu armairu kapsula kontzeptua ere, alegia, oinarrizko arropen bidez estilo koherentea eraikitzea. Kapsularen ideia ez da arropa gutxi edukitzea soilik, baizik eta horiek hautatzea bakoitzak bere bizitzaren erritmoa eta nortasuna kontuan hartuta. Gure janzkera egunerokotasunarekin bat datorrenean, erosotasuna eta konfiantza sortzen dira, eta hori da benetako estiloaren oinarria.
Nire ustez, modak jolasteko aukera ematen digu; janzteko moduak, gure burua ezagutzekoa. Eta hori da nire lanaren zatirik ederrena: norbait bere irudiarekin bakean ikustea, joeretatik harago.
Azken batean, modak pasatzen dira, baina nortasuna hor geratzen da. Eta hor dago estiloaren sekretua: ez da modari jarraitzea, baizik eta zuretzat egokia den hori aurkitzea.