Miren Salsamendi: "Arraun egokitu inklusiboa eskaintzen duen talde bakarra gara"

Naia Makazaga 2025eko abenduaren 25a

(Argazkia: Naia Makazaga)

Azaroko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Hamar urte bete dira ikasturte honetan Miren Salsamendik (Orio, 1968) Berdin-Berdinak taldeko lehendakaritza hartu zuenetik. Batera eta bestera, gelditu gabe harrapatu du Gukak taldearekin Turinera (Italiara) egin berri duten bidaia antolatzen. Tartetxo bat hartu du, hamar urteotako esperientzia kontatzeko eta taldeak eman dituen aurrerapausoen berri emateko.

Zer da eta nondik dator Berdin-Berdinak?

Kirol inklusiboa lantzen duen taldea da. Desgaitasunen bat izan eta kirola egin nahi duen oriotar orok herrian bertan leku bat izateko helburuz sortu zen; izan ere, ordura arte herriko kirol elkarteen eskaintzetan ez zuten lekurik eta kirol egokitua egitera kanpora joan behar izaten zuten. Baina horrek ez du esan nahi oriotarrentzat soilik sortutako taldea denik; beti egon izan dira beste herri batzuetako kideak ere Berdin-Berdinaken.

Hasi zinetenetik gaur arte, asko handitu al da taldearen kirol eskaintza?

Bai. Igeriketa saioekin hasi ginen, pilota sartu genuen jarraian, eta urte batzuen buruan, arrauna. Denborarekin, adineko jendearentzat ariketa fisikoa egiteko saioak eskaintzen ere hasi gara, irteerak edo asteburu pasak ere egiten ditugu, eta, urtean behin, herriko surf elkartearekin, baita surf saioak ere. Gaur-gaurkoz, ikasturtean aste barruko bost egunetan izaten dute herritarrek aipatutako kirolen bat praktikatzeko aukera. Pilota saioak dagoeneko ez ditugu ematen, baina arraunean hamasei pertsona aritzen dira, eta igeriketan zein adinekoen taldean, 40 lagun inguru. Gainera, arraun egokitu inklusiboa egitea eskaintzen duen elkarte bakarra da Berdin-Berdinak. Gure helburua ez da lehiaketa, kirola egitea eta kirolaren bitartez gizarteratzea baizik. Esaterako, uretan ontzi bat aurrera joan dadin, denek batera egin behar dute arraun, eta hortaz, arrauna aitzakiatzat hartuta, taldekideen artean babesa, konfiantza eta errespetua bezalako balioak lantzen ditugu.

Zu zergatik batu zinen taldera?

Blanca Aranguren donostiarra izan zen taldeko lehen lehendakaria. Kargua uztear zegoen hura, eta proiektua herrira zabaldu eta herritarren artean gehiago ezagutarazi nahian, oriotar bat jarri nahi zuten lehendakari postuan. Inklusioaren filosofiak erabat asebetetzen nauenez, eta kirola beste perspektiba batetik ulertzen dudanez, lehendakari kargurako baiezkoa eman nuen. Hamar urte joan dira dagoeneko.

Zein dira zure egitekoak?

Taldeko lehendakaria naiz, eta babesleak bilatzea da, esaterako, dagokidan lanetako bat. Berdin-Berdinak boluntario taldea da, eta zuzendaritzan gaudenok nahiz laguntzera gerturatzen direnek, denok, musu-truk egiten dugu lan. Hala ere, uste dugu kirol saioak gidatzera etortzen diren begiraleek edo entrenatzaileek ordainsari bat merezi dutela, eta hain zuzen, kontratu horiek kudeatzeko bilatu behar izaten ditugu babesleak edo laguntzaileak.

Taldean boluntario aritu nahi duten herritarrentzat zabalik al daude ateak?

Zalantzarik gabe, beso zabalaik hartuko dugu edonor. Gerturatu izan dira saio puntualetan edota irteeretan parte hartu izan duen herritarrak. Taldera batu nahi dutenek gurekin kontaktuan jarri besterik ez dute.

Zer ematen dizu Berdin-Berdinakek?

Beti esaten dut taldeko kideekin egon ondoren zimur gehiagorekin itzultzen naizela etxera. Irribarrea aurpegitik kendu ezin izaten dudalako gertatzen zait hori. Ematen dudana baino gehiago jasotzen dut.

Bizitako esperientziari esker jasotako zer irakaspen nabarmenduko zenuke?

Taldeak Berdin-Berdinak izena duela, baina Ezberdin-Berdinak izena beharko lukeela, desberdina den lehena ni bainaiz. Norbere segurtasunagatik jendea sailkatzera ohituta gaude, eta taldeari eta bidean ezagututakoei esker, hortik ateratzen ikasi dut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide