Harribil dantza taldeak urteroko Gabonetako emanaldia eskainiko du ostiralean. Hain zuzen, Herribil dantza ikuskizuna taularatuko dute, dantza taldearen emanaldi handienetako bat.
Dantzariek ez ezik, herriko hainbat eragilek hartuko dute parte ostiraleko Herribil ikuskizunean. Hala nola, Salatxo abesbatzako ahotsak, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako musikariak eta ikasleak, Errikotxia taldeko bertsolariak eta Talaimendi elkarteko dantzariak igoko dira oholtza gainera. Antolatzaileek esan dutenez, "dinamika kooperatiboa" sortu nahi dute parte hartzaile guztien artean, talde bakoitzak "bere momentua" izan dezan ikuskizunean zehar.
Emanaldian, besteak beste, euskal dantza tradizionala eta garaikidea uztartuko dituzte. "Urteroko dinamika jarraituz, dantza tradizionaletik hasita, estilo modernoagora egingo du salto emanaldiak", azaldu du Jon Alkain Harribileko dantzariak. Koreografiei dagokienez, "tradizionalki" ikasitako dantzak hartu eta moldaketak egin dizkiete.
Emanaldia ostiralean eskainiko dute, 22:00etan hasita, Karela kiroldegian, eta sarrera doakoa izango da.