2026ko martxoaren 19an Atharratzetik abiatuko da 24. Korrika, eta martxoaren 29an Bilbora heltzeko, eta ekimenean parte hartu nahi duen edonor dago Orioko Korrika Batzordeak antolatu duen lehen bilera irekira gonbidatua.
Datorren ostegunean, abenduaren 11n, izango da topaketa Salatxo aretoan, 18:30etik aurrera. Bertan, 24. Korrikaren nondik norakoak eta herrian egingo direnak ezagutzeko aukera egongo da, baita herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko dituzte.
Ondoren, bakoitzak egin dezakeen ekarpena zein izan daitekeen erabakiko da, baina ez da funtsezkoa izango. Batzordekoek azpimarratu dutenez, inongo konpromisorik gabe joan daiteke, Korrika egunean soilik parte hartzea ere baliozkoa baita.
Beraien helburu nagusia Korrikari babesa ematea izango da; Korrika, bere mezua eta izaera zabaltzen laguntzea, eta, horretarako, hainbat gauza egin daitezke: urtarrila, otsaila edo martxoan ekimen publikoren bat pentsatua izanez gero, Korrikari eskaintzeko aukera egongo da, Korrikaren aterkipean jartzeko.
Orioko Korrika Batzordeak azaldu du guztion ekarpena eta ahalegina beharrezkoak direla eta denon parte hartzeaz lortu daitekeela Euskal Herri euskalduna. Horrez gain, euskararen lekukoa Atharratzetik Bilbora guztion esku eta oinei esker eramango dela ere azpimarratu dute.