Zabalik da 2025ean nabarmendu diren herritarren hautagaitzak jasotzeko galdetegia

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 4a

Iazko herritar omenduak, Arraunetxen egindako aitortza ekitaldian. (Intza Trula)

Aitortza ekitaldia urtarrilaren 16an izango da, baina aurretik, proposamenak jasotzeko epea zabaldu du udalak abenduaren 10era arte. Aurten nabarmendu diren oriotarrak proposatu daitezke, eta hautagaiaren merezimenduak deskribatu beharko dira.

Iaz bezala aurten ere, Orioko Udalak aitortza egingo die urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei. Ekitaldia urtarrilean izango da, baina aurretik, proposamenak jasotzeko epea zabaldu dute abenduaren 10era arte. Herri aitortza jasoko duten oriotarren aukeraketa deialdi baten bidez arautuko da, eta hemen ikusi daitezke deialdi horren oinarriak. Behin oinarriak irakurrita, herritarrek aukerak proposatu ditzakete galdetegi honen bitartez.

Aurten nabarmendu diren oriotarrak –norbanakoak edo taldeak– proposatu daitezke, eta hautagaiaren merezimenduak deskribatu beharko dira, besteak beste, haren ibilbidea, lorpenak, edota baloratzeko modukoa iruditzen zaien guztia. Merezimendu horiek ilustratzen dituzten dokumentuak ere aurkeztu ahal izango dituzte, esaterako prentsan argitaratutako testuak eta argazkiak. Halaber, udalak iaz aitortza jaso zuten elkarte edota norbanakoak berriro ez proposatzeko eskatu du. 

Hautagai izateko baldintzak

Hautagaiak oriotarra edo Orion erroldatutakoa izan beharko du; edo, bestela, herriko kultur edo kirol elkarteren batean ibilitakoa edo dabilena. Aldi berean, ezin izango dira omendu izateko hautagai izan fikziozko pertsonaiak, lehendik ere omendutakoak, hildakoak, kargu politikoak betetzen dituzten pertsonak, udalbatzarra osatzen duten kideak edo udaleko konfiantzazko karguak. 

Mahai tekniko batek izango du proposamenak aztertzeko ardura, eta ondoren, epaimahaiak aukeratuko du aurten omena jasoko duen herritarra edo elkartea. Epaimahai hori zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal teknikari batek osatuko dute, hain zuzen.

Ekitaldia urtarrilaren 16an izango da, eta udalak aurrerago emango ditu horren zehaztasunak. Oraingoz aurreratu dutenez, "ekitaldi xume bat" izango da, eta herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute omenduek. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide