Altxa Burua Oriok kezka agertu du "herriko adin txikikoen artean zabaldu den joko arriskutsu batengatik"

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 2a

Pertsona bat sakelako telefonoarekin. (Pixabay)

Sare sozialetan zabaldu den joko arriskutsu bat praktikan jarriz dabiltza herrian adin txikiko batzuk, eta Altxa Burua Orio taldeak "premiazkotzat" jotzen du "gertatzen ari denaz jabetu eta lehenbailehen moztea". Herriko bi ikastetxeen lana "eskertu" du, eta lanketa honi "etxeetan jarraipena ematea" eskatu du, zuzenean gurasoak interpelatuz.

Altxa Burua Orio taldeak idatzia kaleratu du kezkatuta dagoelako azken egunetan herrian, adin txikikoen artean, zabaldu den "joko arriskutsu bat" dela eta. Antza, joko hori praktikan jarriz dabiltza. "Osasunarentzat kaltegarria da eta ondorio larriak sor ditzake", esa du taldeak. "Jokoak duen arriskua ikusita, gertatzen ari garenaz jabetu eta lehenbailehen moztea premiazkotzat ikusten dugu".

Orioko Herri Ikastolak eta Zaragueta Herri Eskolak egin duten lana "eskertu" nahi du Altxa Burua Oriok, eta eskaera garbia egin die gurasoei, arazoaren aurrean esku har dezaten: "Lanketa hauei etxeetan jarraipena ematearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Nerabeen jolasak, seguruak, adinari egokituak eta aukerakoak izateko bideak ireki ditzagun denon artean, osasuna bermatuz".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide