'Bizkaia maite' kantuagatik ohorezko Lauaxeta saria jaso dute Benito Lertxundik eta Jose Angel Irigaraik

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 2a

Olatz Zugasti Benito Lertxundiren bikotea, gainerako sarituekin, atzo, Bizkaiko Foru Jauregian. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Bizkaiko Foru Jauregian. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak banatu zituzten XXI. edizioko sariak, eta Olatz Zugasti Lertxundiren bikotea izan zen saria jasotzen.

Atzo banatu zituzten XXI. Lauaxeta Sariak Bizkaiko Foru Jauregian, eta ohorezko saria eman zieten Benito Lertxundi musikari oriotarrari eta Jose Angel Irigarai idazle eta poeta nafarrari Bizkaia maite abestiagatik.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak banatu zituzten sariak, eta bertan izan zen Olatz Zugasti Lertxundiren bikotea, saria haren partez jasotzen.

Bizkaiko Foru Aldundiak ematen ditu sariok, eta azaldu zutenez, Lertxundi eta Irigarai omendu dituzte Bizkaia maite abestia idatzi eta musikatzeagatik ez ezik, baita euskal kulturari egindako ekarpenagatik ere. "Abesti horren bitartez biek gure lurraldearen irudia mundu osora zabaldu dute", nabarmendu dute. Etxanobek ideia horretan sakondu zuen atzoko hitzartzean: "Bizkaiak bere ereserkitzat du kanta hau: bizkaitarron sentimenduak agerian jartzen dituelako, bizkaitarron izaeraren berri ederki ematen duelako, atzoko bizkaitarron eginak goraipatzen dituelako, gaurko bizkaitarron bizipoza eta iraun nahia kantatzen dituelako eta biharko bizkaitarron itxaropenari leihoak zabaltzen dizkiolako."

Gainerako sariak

Gainerako sariei dagokienez, ikus-entzunezkoen kategorian aurten ex aequo eman zaie Inge Mendiorozi Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalagatik eta Oier Plazari Popel dokumentalagatik.

Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez, 35 urtetik beherakoen kategorian saria Ane Labakak jaso du Hezur berriak lanagatik, eta Elena Sanchezek, 35 urtetik gorakoen atalean, Epilogorik gabe poema sortagatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide