Fermin Barrenetxeak irabazi du Euskadiko Boxeo Txapelketa

Intza Trula 2025eko azaroaren 30a

Boxeo Gauak hartu zuen atzo iluntzean Karela kiroldegia, 30 urteren ostean. River Box&Roll klubak antolatu zuen hitzordua, eta, guztira, hamar borroka jokatu zituzten bertan.

Urte asko igaro dira Orion boxeo jaialdi bat ikusteko aukera izan zenetik, azkena duela 30 urte inguru jokatu baitzen. Ordea, etenaldi luze hori apurtu zuten atzo iluntzean, Boxeo Gauarekin. River Box&Roll klubak antolatu zuen hitzordua, Orioko Udalaren babesarekin; guztira, hamar borroka ikusteko aukera izan zen Karela kiroldegian. Horien artean, Euskadiko Txapelketa zegoen jokoan: Fermin Barrenetxeak eskuratu zuen garaipena, Saad Zeggar borrokalaria mendean hartuta.

Horiez gain, beste hainbat kategoriatan ere lehiatu ziren borrokalariak: esaterako, neoprofesionaletan, 71 kiloz azpiko kategorian, Oihan Perez izan zen garaile, Riad Mouaffaq Boudaliren aurka; 67 kiloz azpikoetan, Abdelilah Daoui gailendu zitzaion Steven Ruizi; 63,5 kiloz azpikoetan, Unai Aizpun izan zen garaile, Jon Ander Gomezen aurrean. 

Amateurrei dagokienez, 70 kiloz azpiko kategorian, Mikel Arruabarrena oriotarrak mendean hartu zuen Unai Martin; 68 kiloz azpiko kategorian, Morad El Mouak borrokalariak irabazi zion Imanol Hernandezi; 65 kiloz azpiko kategorian, Xuban Aburuza izan zen txapelduna, Liher Arizaga oriotarrari irabazita; 71 kiloz azpiko kategorian, berdinketa izan zen Xabier Aranbarriren eta Oier Mendiren artean. Azkenik, 60 kiloz azpiko kategorian, Jesus Magnavi izan zen nagusi, Igor Arruti aiarrari irabazita.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide