Oraindik eskuratu daitezke larunbateko Boxeo Gaua jaialdirako sarrerak

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 26a

Mikel Arruabarrena boxeolaria. Bizkaiko Open finalean. (utzitakoa)

River Box&Roll klubak antolatu du hitzordua, eta larunbat honetan "borroka onak eta maila handikoak" ikusteko aukera izango da Karela kiroldegian. Sarrerak oraindik eskuragai dira, 22 euroan, Mirotzan, Barakan eta kiroldegian.

30 urtetik gora igaro dira Orioko pilotalekuan azken boxeo gaua ospatu zenetik. Orain, Orioko River Box&Roll klubarekin ekimenez, eta Orioko Udalaren babesarekin, egitasmoa berreskuratu eta boxeo jaialdia antolatu dute Karela kiroldegian. Larunbat honetan izango da, 20:00etan hasita, eta hamar borroka ikusteko aukera egongo da; horietako sei amateurrenak eta beste lauak neoprofesionalenak, hain zuzen ere. Aurrez, ekitaldia berotze aldera, 18:00etan, boxeolarien pisaketa egingo dute Herriko Plazan.

Ibai Marin klubeko ordezkariak aurreratu duenez, "borroka onak eta maila handikoak" ikusi ahal izango dira. Neoprofesionaletako borroketako batean, gainera, Euskadiko Txapelketa izango dute jokoan. Lehia hori 90 kiloz azpiko mailan izango da, Fermin Barrenetxearen eta Aritz Rekarteren artean, eta jaialdiko azken duelua izango da.

Amateurren borrokaldietan, berriz, Orioko klubeko hiru boxeolarik hartuko dute parte: Mikel Arruabarrena oriotarrak eta Liher Arizaga eta Igor Arruti aiarrek, zehazki esateko. Eneko Gaztañagak, aldiz, ezin izango du parte hartu borrokan. Era berean, Zumaia Cuban Boxing taldeko bi kide ere bertan izango dira; hau da, Jesus Magnevy eta Xuban Aburuza. Hain justu, eskualdekoak elkarren aurka ariko dira: Arruti eta Magnevy nor baino no, 60 kiloz azpikoetan; eta Azizaga eta Aburuza, 65 kiloz azpikoetan.

Sarrerak Mirotzan, Barakan eta kiroldegian daude salgai, 20 euroren truke. Egunean bertan ere erosteko aukera izango da, baina 22 euroan. Jaialdian hainbat sari zozkatuko dituzte publikoaren artean.

40 urte atzera

Duela pare bat egun, Gipuzkoako Boxeo Federazioko egoitzako apalak begiratzen ari zela, Libana Taboadak garaikur berezi bat aurkitu zuen. Hain zuzen, Bar Errusta zioen plakak eman zion atentzioa oriotarrari. Bere ezusterako, tabernak 1984. urtean jasotako trofeoa topatu zuen, urte hartan Orion egindako boxeo jaialdian lagundu izanagatik. Garaikurra tabernara itzuli da, eta larunbateko jaialdiaren ere herritarrentzako ikusgai jarriko dute.

1984. urtean Errusta tabernak jasotako garaikurra. (utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide