Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta beste hainbat herritan bezala, Orion ere protestarako deia egina zuen iluntzerako Orioko Mugimendu Feministak. Manifestazioa 19:00etan hasi da Herriko Plazan, Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista lelopean.
Herritar mordoxkak parte hartu du mobilizazioan, 120 lagunek udaltzainen arabera, eta Eusko Gudari kaletik Bikamiotara arteko bidea egin dute, eta handik, Arrantzale kalera, banku morera. Han erail zuen orain bi urte Lourdes del Hoyo herritarra bere bikotekide ohiak, eta haren oroimenezko bankuaren eta liburu txokoaren bueltan gelditu dira herritarrak.
Adin eta jatorri askotako gizon-emakumeek parte hartu dute maifestazioan –tartean udaleko bi alderdietako ordezkariek–, eta bandera moreez gain, Palestinaren aldeko banderarik ere ez da falta izan. Hain zuzen, antolatzaileek bukaeran irakurri duten adierazpenean, elkartasuna adierazi diete palestinar herriari eta hango feministei, baita Orioko emakume arraunlariei ere.
Horren aurretik, ordea, gogoan hartu nahi izan dituzte iazko Azaroaren 25etik gaur arte Euskal Herrian erail dituzten sei emakumeak: "Indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak izan diren horiek ekarri nahi ditugu gogora. Maitasun osoz gogoratzen zaituztegu, ez zaituztegu bakarrik utziko".
Inguruko gizonak salatuz
Egunerokotasunean "hamaika formatan" ikus daiteke indarkeria matxista, eta aurtengoan, "horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzera atera gara kalera", esan dute. Mugimendu feministak ematen duen urrats bakoitzaren aurrean, "oldarraldi berri bat jartzen da martxan" haien esanetan: "Eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi betean aurktizen gara. Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak, eta beste".
Ildo horretaik, "inguruko gizonak" salatu dituzte: "Azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean, boikoteatuak eta gutxietsiak izan gara, gure aldarriak eta ekintzak deslegitimizatu dituztelarik. Eta hori egin dutenak, inguruan ditugun gizonak izan dira, haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun". Mugimendu feministaren ustetan, "erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira".
Mobilizazioa amaitzeko abesti bat jarri dute bozgorailuetatik. DBHko ikasle batzuek Azaroaren 25az egin den bideo lehiaketarako sortutakoa da. Hain justu, talde horrek irabazi du lehiaketa. Abestia amaitu eta txaloak hasi dira, protestari bukaera emateko.