Azaroaren 25a

Udalak indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan "sarea sortzeko deia" egin du

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 25a

'Bizitza askeak plazer' leloa, udaletxeko balkoian. (Onintza Lete Arrieta)

Azaroaren 25aren harira, indarkeria matxistaren adierazpen oro "irmoki" salatzeko adierazpena kaleratu du Orioko Udalak. Hori ez ezik, "harreman osasuntsuetan eta elkarbizitza onean" oinarritutako herria nahi duela azpimarratu du, eta udalak norabide horretan "arraun egiteko" deia egin die herritar guztiei. 

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Orioko Udalak "irmoki" gaitzetsi ditu indarkeria matxistaren adierazpen oro. Indarkeria matxista "egiturazko arazo sozial bat" dela azpimarratu du, eta halaber, "gizarte osoaren arazoa" dela aldarrikatu du. Alde horretatik, konpromisoa hartzen du indarkeria matxistak dituen "adierazpen, forma eta dimentsio ororen prebentziorako, kontzientziaziorako, artatze osorako eta erreparaziorako baliabideak eta zerbitzuak garatzen jarraitzeko eta hobetzeko".

Gainera, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan "sarea eta komunitatea sortzeko" deia egin du, eta horretarako beharrezkotzat jo du "jendarte osoaren konpromisoa". Beste alde batetik, hainbat pauso hartuko dituzte indarkeria matxistaren aurkako jardunean urratsak ematen jarraitzeko, besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetuz, emakumeentzako aholkularitza psikologikoa eta juridikoa eskaintzen edota neska gazteak ahalduntzeko eta indarkeriari gabeko bizitzak garatzeko baliabide pedagogikoak lantzen. 

"Berdintasunaren bidean emandako urratsen aurrean, ikusten ari gara oldarraldi orokor bat badela gizartean, eta gure herrian ere hainbat eraso jazo dira azken hiletan". Egoera horren aurrean, udalak "bizitza askeak plazer" desioa aldarrikatu du. Hori ez ezik, "harreman osasuntsuetan eta elkarbizitza onean" oinarritutako herria nahi dutela azpimarratu du, eta udalak norabide horretan "arraun egiteko" deia egiten die herritar guztiei.

Elkarretaratzearekin bat eginez

Udalak indarkeria matxista mota oro desagerrarazteko borrokan jarraituko duela adierazi du, eta horretarako, "sarean" egingo du lan herriko eragile eta erakundeekin, baita gainerako udalerriekin ere. Hori horrela izanda, Orioko Mugimendu Feministak gaur iluntzerako deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko dei egiten die herritar guztiei. Iluntzeko 19:00etan izango da hitzordua, Herriko Plazatik abiatuta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide