Euskal Herrian Euskarazek antolatutako manifestaziora joateko autobusa jarri dute kostaldetik

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 24a

Euskal Herrian Euskarazek antolatutako manifestazio nazionalaren kartela. (EHE)

Abenduaren 6an egingo dute manifestazioa Durangon, eta hara iristeko, autobus bat igaroko da Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaitik. Interesdunek aurretik txartelak erosi beharko dituzte, 15 euroren truke. 

Euskal Herrian Euskarazek deituta, manifestazio nazionala egingo dute abenduaren 6an, 13:00etan hasita, Durangon (Bizkaia). Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika! lelopean, Durangoko kaleak hartuko dituzte, euskara "askapenerako eta justiziarako tresna gisa" aldarrikatzeko helburuarekin. 

Hori horrela izanda, Durangora bertaratzeko autobusa jarriko dute eskualdetik, eta Oriotik, Zarauztik, Getariatik eta Zumaiatik igaroko da. Orion, autobus geltokitik aterako da, goizeko 10:45ean; Zarautzen, 10:55ean igaroko da Sanz Eneako geralekutik; Getarian, 11:00etan aterako da autobus geltokitik; eta azkenik, Zumaian, 10:05ean, Patxita Etxezarreta kaletik. Itzulerako autobusa, aldiz, 19:30ean aterako da Durangotik.  

Interesdunek aurretik txartelak erosi beharko dituzte, 15 euroren truke. Horretarako, 671 93 13 78 zenbakira idatzi daiteke.