Abenduaren 8an egingo dute banderen bedeinkazioa

Maria Maya Manterola

Banderen bedeinkazio bateko artxiboko irudia. (Guka)

Azken hiru urteotan Orio Arraunketa Elkarteko taldeek eskuratutako banderak bedeinkatuko dituzte abenduaren 8an. Elizkizunaz gain, bazkaria ere izango da Karela kiroldegian.

Iragarri dute dagoeneko azken hiru urteotan Orio Arraunketa Elkarteko taldeek irabazitako banderak noiz bedeinkatuko dituzten: abenduaren 8an izango da elizkizuna, eta ohi bezala, bazkaria egingo dute gero Arraunetxen. 

Arraun elkartetik 13:00etan hartuko dute elizarainoko bidea, 70 banderak soinean dituztela, eta 13:15ean hasiko dute elizkizuna. Bukatutakoan, 13:45 aldera, argazkia aterako dute Herriko plazan, eta Karela kiroldegian elkartuko dira gero, elkarrekin bazkaltzeko. Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthorfolk musikariak arduratuko dira bazkaria girotzeaz. 

Helduek honako menua izango dute: iberikoak, entsalada epela, urdaiazpiko kroketak, zapoa parrillan, txerri saiheskiak parrillan, kremazko hostopila natilekin, ogia, kafea eta edaria. Haurrek, berriz, honakoa: iberikoak, urdaiazpiko kroketak, baserriko oilaskoa patatekin eta txokolatezko tarta. 

Dagoeneko salgai dira bazkarirako txartelak, Kutixin eta Errustan. Helduek 35 euro ordaindu beharko dituzte txartela eskuratzeko; haurrek, 15. Abenduaren 2a da txartelak erosteko azken eguna.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide