Lau urtean ia 20.000 euro bildu dituzte Palestinaren Aldeko Tekno Punk Erresistentzia Jaialdiari esker

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 21a

Etxeluze gaztetxean egin zuten aurreko jaialdiko irudi bat. (Utzitakoa)

Bihar egingo dute Etxeluze gaztetxean egun osoko festa aldarrikatzailea: hitzaldia, bazkaria, ekitaldia eta kontzertuak dituzte prest eguerditik gauera.

Bosgarrenez egingo dute bihar, larunbata, Palestinaren Aldeko Tekno Punk Erresistentzia Jaialdia. Euskal Herriko hainbat norbanakok sortutako egitasmoa da –tartean daude bizpahiru oriotar–, eta urtero aldatzen dute kokalekua. Oriora bigarren aldiz iritsiko da jaialdia bihar, eta ohi bezala, bildutako dirua palestinarrentzat izango da.

Egun osoko egitarau zabala prestatu dute biharko. Euskal Herrian bizi den palestinar baten solasaldiarekin hasiko dute eguna, 12:00etan, Etxeluze gaztetxean, eta ondoren, han bazkaldu eta kalejiran joango dira Herriko Plazara, han ekitaldia izango da, zuzeneko musikarekin eta ikuskizun batekin. Ikuskizuna ezusteko batekin amaituko dela aurreratu dute.

Kontzertuek izango dute aurten ere protagonismo handia. Askotariko taldeak eta DJak ariko dira Etxeluzeko oholtzan. Badira Londresko eta Lituaniako musikariak tartean, baita Espainiakoak eta Euskal Herrikoak ere.

Orioko gaztetxeko aurreko edizioko kontzertuen unea. (Utzitakoa)

Erantzun ona

Kontzertuen sarrerak 10 euroan egongo dira salgai, eta bazkarikoak, 8 euroan. Antolatzaileek azaldu dute aurreko edizioek erantzun ona izan dutela, eta aurten ere jende asko espero dutela, bai bazkaritarako, bai kontzertuetarako. Aurreko aldian bazkaritan 100 lagun inguru elkartu zirela esan dute, eta kontzertuak ikusteko, 300 lagun.

Bildutako dirua palestinarrei emateko izango da. "Lau urtetan ia 20.000 euro bildu" dituzte, eta hainbat proiektutara bideratu dutela azaldu dute, tartean The Palestinian Center of Youth Action for Community elkartera.  

Egitaraua

Honakoa da biharko egitaraua:

  • 12:00. Palestinarren ahotsa ezin da isildu hitzaldia, Euskal Herriko palestinarren eskutik.
  • 14:00. Elkartasun herri bazkari beganoa.
  • 16:00. Kalejira plazara.
  • 16:30. Plazan, DJ Ysa Tupa eta Kolgadxs, Palestinaren aldeko ikuskizuna.
  • 18:00. Tekno punk kontzertuak: Fotokopia, Adur, Alien State, Rojo 2.
  • 23:00. DJ jaia: Carameli, Iolo, ADN7, Ikzio, Skitzaphonic.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide