Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da Azaroaren 25a, eta egun horren harira, Orioko gaztetxoentzat bideo lehiaketa antolatu dute herriko bi ikastetxeek, Txurrumuski aisialdi taldeak, Saregile emakumeen etxeak eta udalak. Ikus-entzunezkoak dagoeneko jasota, proiekzioak eta sari banaketa egingo dituzte bihar.
Emakumeen etxean izango da hitzordua, hain zuzen, 17:30ean hasita. Lehiaketan parte hartzen dutenek ez ezik, horien lagunek eta senitartekoek ere bertaratzeko aukera izango dute. Gainera, ekitaldiaren amaieran, guztiek elkarrekin mokadutxoa hartuko dute.
Hiru sari egongo dira: batetik, epaimahaiarena; bestetik, publikoarena, hau da, ikus-entzunezkoak ikustera gerturatzen direnek bozkatzeko aukera izango dute; eta, azkenik, ikusleek ere saria eskuratzeko aukera izango dute, zozketa egingo dutelako botoa ematen duten ikusleen artean.