Salatxo abesbatzak igandean emango du Santa Zezilia eguneko kontzertua

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 19a

Salatxo abesbatzakoak, Zimitorioan abesten. (Utzitakoa)

Igor Arroyo zuzendariaren gidaritzapean, parrokian izango da urteroko kontzertua, 13:30ean hasita. Errepertorio dotorea eskainiko dute.

Salatxo abesbatzak igande honetan eskainiko du Santa Zezilia eguneko kontzertua Bariko San Nikolas parrokian. Eguerdian izango da, 13:30ean hasita, eta erreportorio dotorea eskainiko dute Igor Arroyo zuzendariaren gidaritzapean. Honako abestiak eskainiko dituzte, izan ere: Lux Beata Trinitas (Gjeilo); Sanctus (Butler); Benedictus (Butler); Txori urretxindorra (Guridi) ; Ez, ez dut nahi (Lekuona/Azurmendi); Ez gaude konforme (Iriondo/Ugalde) ; Yesterday (McCartney/Chilcott); Game of Thrones (Djawadi/Langford); Bring me little water, Silby (Moira Smiley); Jerusalema  (Master KG, Nomcebo Zikode).

Pianoan Javier Perez de Azpeitia izango dute, eta perkusioarekin, Iker Salaberria.

Musikarien eguna bezperan da, azaroaren 22an, eta herrian ekitaldi gehiago ere izango da egunotan: ostegun honetan Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleak izango dira protagonista, eta ostiralean, herriko txaranga eta erraldoiak.

Honakoa da egitaraua, osorik:

Osteguna, azaroak 20:

  • 11:30. Eguneko Zentrora joango dira musika eskolako ikasle eta irakasleak, egoiliarrei ekitaldi txiki bat eskaintzera.
  • 17:30. Trikitilariak, txistulariak eta dantzariak, kalez kale.
  • 18:30. Soka taldearen, bandaren, musikako ikasleen eta dantzarien emanaldia, Herriko Plazan.

Ostirala, azaroak 21:

  • 19:30. Ibilbidea Kultur Etxean hasiko dute ibilbidea txarangak eta erraldoiek. Eusko Gudari kalean aurrera, Bikamiotaraino joango dira, eta itzulia eginda, Arrantzale, Baxoalde eta Palota kaleak igaroko dituzte; Balea kaletik Arrantzale kalera joango dira jarraian, eta Arkaitz taberna paretik pasata, Herriko Plazara iritsiko dira.

Igandea, azaroak 23:

13:30. Salatxo abesbatzaren kontzertua, elizan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide