2025eko Euskadiko XContest parapente txapelketako sariak banatu zituzten atzo, eta ekitaldirako "leku berezia" aukeratu zutela nabarmendu du Euskadiko Aire Kirol Federazioak: Orioko kirol portu ondoan dagoen lurreratze eremu berria.
Euskadiko XContest txapelketak kontuan hartzen ditu parte hartzaile bakoitzak urtean zehar egindako sei hegaldi luzeenak, eta baldintza gisa, sei hegaldi horietatik lau, gutxienez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba edo Nafarroatik aireratuak izan behar dira (probintzia bakoitzeko onena kontatuz), eta gainontzeko biak lau lurralde horietako edozein aireratze izan daitezke. Hala, sailkapen orokorrean, Mattin Iñiguez zegamarra (Gipuzkoa) izan da garaile nagusia. "Iñiguezek 2025eko Red Bull X-Alps lehiaketa gogorrean parte hartu du aurten", nabarmendu dute. Bigarren postuan Iñigo Gabiria bizkaitarra sailkatu da, eta hirugarren postua, berriz, Aner Etxezabal azpeitiarrak eskuratu du.
Hiruren artean 700 ordutik gora pasatu dituzte hegan 2025 honetan, horien erdiak Iñiguezek, federazioak azaldu duenez.
Antolatzaileek Orioko Udalari eta bertako turismo sailari "eskerrik beroena" adierazi nahi izan zieten atzo, ekitaldia antolatzeko eskainitako laguntza eta erraztasun guztiengatik.
Sailkapen osoa eta argazkiak esteka honetan daude ikusgai.
(Argazkiak: Euskadiko Aire Kirol Federazioa)