Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten larunbat arratsaldean, Zizurkilgo (Gipuzkoa) Intxaur pilotalekuan. Guztira hiru harri jasotzaile aritu ziren lehian, hala nola, Gari Garmendia idiazabaldarra, Jokin Eizmendi zarauztarra eta Aimar Galarraga oriotarra.
Lau harrirekin bi minutuko lanak egin zituzten herri kirolariek. Galarragak eman zion hasiera probari, 200 kiloko laukizuzenarekin, hiru jasoaldi emanaz. Eizmendik, aldiz, sei jasoaldi egin zituen guztira. Eta azkenik, Garmendiak hartu zuen lekukoa, eta bost jasoaldi lortu zituen.
Eizmendiren abantaila, ordea, zilindroarekin amaitu zen. Hain zuzen ere, Garmendiak hamar jasoaldi lortu zituen koparekin, eta Eizmendik, berriz, zortzi zilindroarekin. Harri kubikoarekin bederatzina lortu zituzten, eta bolarekin, Garmendia hamalaura iritsi zen, Eizmendi hamaikarekin geratu zen bitartean. Hori horrela izanda, Gari Garmendia txapeldunak 5.850 kilo jaso zituen guztira; Jokin Eizmendik, 5.325 kilo; eta Aimar Galarragak, azkenik, 2.350 kilo.
Txapelketaren amaieran, zarauztarrak Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa agurtu zuen. Izan ere, bere azken ekitaldia izango dela iragarri du, eta bertaratu ziren guztiak agurtu zituen harria sorbaldara igo eta gerrira jaitsiz.