Maria Maestra haurreskolaren eraikina eguneratzeko eta zerbitzua hobetzeko lanak egin ditu Orioko Udalak azken urteetan. Uztailean, hain zuzen, 13 haurrentzako lekua duen gela berri bat sortu dute, baita eguzki plakak ezarri eta sotoetako hezetasunak konpondu ere. Jakinarazi dutenez, lanak aste honetan bukatu dituzte, eta hori horrela, urtarriletik aurrera haur gehiago hartzeko aukera izango du haurreskolak.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak emandako 234.000 euroko dirulaguntza jaso du aurten udalak eta, horren bidez, hiru proiekturen aurrekontua finantzatuko duela azaldu du, %75ean.
Lehenik eta behin,larrialdietako eskailerak eraikinaren kanpoaldean ezarriko dituzte. Lan hori 2022an gauzatutako lanetako bat da, zehazki.
Bestetik, lehenengo solairuan 13 haurrentzako lekua duen gela berri bat sortu dute. Lanak Urbycolan enpresak egin ditu, eta orain, Haurreskolen Partzuergoa arduratuko da altzariak jartzeaz.
Eguzki plakak ere ezarri dituzte, "energia kontsumoa murrizteko" helburuarekin. Leycolan enpresa arduratu da lan horiek egiteaz. Udalak 2019an onartu zuen Energia Plana, eta ordutik, energia aurrezteko neurriak hartzen ari da udal eraikinetan, "energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatuz", hain zuzen.