Bihar arratsaldean egingo dute aurtengo Kirol Gala, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta ekitaldi horretan, Orio Arraunketa Elkarteari Kirol Meritu saria emango diote aurten egindako denboraldiagatik. Izan ere, gizonezkoen traineru nagusiak Eusko Label ligako eta Kontxako Bandera irabazi ditu, eta emakumeen traineruak Euskotren ligan nahiz Kontxako Banderan hirugarren postua lortu du. Orio B taldea, berriz, KAE2 ligan txapeldun izan da, eta arraun eskolakoek inoizko urrezko domina gehien irabazi dituzte Espainiako Txapelketan.
Horrez gain, Gipuzkoarren Kirola Herritarren Sarira sailkatuta dago beste oriotar bat: Joxe Inazio Saizar Lusarbe harri jasotzailea eta herri kiroletako epailea. Eskualdeko beste hainbat ere badaude sarirako sailkatuta: Aritz Aranburu, Adur Amatriain, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez surflariak; Alex Txikon mendizalea; Alba Menendez eskubaloi jokalaria; eta Malen Monasterio halterofiloa.
Kirol Gala ostegun arratsaldean izango da, 19:00etan, Donostiako Tabakaleran.