Igande honetan, azaroaren 16an, jokatuko da VII. Kamel Ziani Krosa Muntoko pasealekuan. Abenduaren 6an egin izan da aurreko urteetan, San Nikolas jaien barruan, baina Orioko Atletismo Taldeak data aldatzea erabaki du.
Arrazoi nagusia da hurrengo egunean, abenduaren 7an, Gipuzkoako Kros Txapelketa izango dela Ordizian (Gipuzkoa), eta beraz, bezperako data mantenduz gero, "haur oso gutxi" espero zituztela Orioko lehian.
Data berria azaroan jartzea erabaki dute "kros denboraldiaren hasiera orain izaten delako". Aldaketarekin jende gehiago animatzea espero dute, azken urteetan ume kopurua "dezente jaitsi" baita, sanikolasetan zubia denez, familia asko kanpora joaten delako.
Ordutegia eta distantziak
Ohi bezala, krosa benjamin, alebin eta infantil kategorietako neska-mutilentzat izango da, eta zaharrenak lehiatuko dira aurrena.
Honako orduetan hasiko dira korrika kategoria bakoitzean:
- 10:30. Infantil neskak. 1.500 metro.
- 10:55. Infantil mutilak. 2.000 metro.
- 11:15. Alebin neskak. 1.200 metro.
- 11:30. Alebin mutilak. 1.200 metro.
- 11:45. Benjamin neskak. 600 metro.
- 12:00. Benjamin mutilak. 600 metro.