Palestinako egoera ikusarazteko taldea sortu dute Orion

Onintza Lete Arrieta eta Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 11

Urrian Palestinaren alde egindako elkarretaratzea, Herriko Plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Hemezortzi herritarrek sortu dute Palestina-Orio egitasmoa, Palestinako errealitatea ikusarazteko ekintzak antolatzeko. Abenduaren 13an edo 14an izango da lehen hitzordua.

Azken bi urteetan hainbat elkarretaratze eta jarduera egin dituzte Orion Palestinari elkartasuna erakusteko eta Israel bertan egiten ari den genozidioa salatzeko helburuarekin. Herritar talde batek, ordea, "haratago" joan nahi izan du, eta palestinarrak pairatzen ari diren tragediaz kontzientziatzeko beharra nabaritu dute herrian. Hain zuzen ere, Zarautzen bizi diren Gazako bi familiarekin harremanetan jarri dira, eta beren testigantzak jaso ondoren, laguntza eskaintzeko jarduera sorta antolatuko dute datorren hilerako.

Orain arte, elkarretaratzeez gain, herrian "mugimendu askorik ez" dela egon iritzi diote talde berriko kideek, Palestinaren aldeko ekintzei dagokienez. "Madril eta Bartzelona bezalako hiri handietan kontzentrazioak egiten dituzte, eta inguruko herri txikietan ere gauza bera egiten dugu. Baina guk haratago joan nahi genuen, plan zehatz bat osatu eta palestinarren egoera ikusarazi, hain zuzen ere", kontatu dute. Helburu nagusi hori finkatuta, guztira hemezortzi oriotar batu dira, eta dagoeneko martxan jarri dute palestinarrei laguntzeko egitasmo berria.

Izan ere, Gazako bi familia ezagutzeko aukera izan zuten duela gutxi, eta gaur egun bizi duten errealitate gordina ikusita, laguntza eskaini nahi diete. "Familia horiek ezagutzeak begiak irekiarazi zizkigun; izan ere, egoera oso zaurgarria bizi dute". Familietako bat Euskal Herrira ACNUR (Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritza) agentziaren laguntzarekin etorri dela ere kontatu dute, eta hortaz, zenbait baliabide jaso ahal izan dituela. Beste familia, ordea, ez dute errefuxiatutzat hartu oraingoz, "Palestinatik oinez atera zirelako eta oinez iritsi direlako hona". Familia horrek du behar handiena.

Egun osoko ekitaldia

Horregatik, jarduera sorta antolatzen ari dira datorren hilabeterako, herritar guztiek parte hartu dezaten, eta jendea kontzientziatzeaz gain, palestinar familiei laguntzeko dirua jasotzeko. Hitzordua abenduaren 13-14ko asteburuan ezarri dute printzipioz, eta larunbatean edo igandean egun osoko egitaraua osatuko dute haurrentzako nahiz helduentzako ekintzekin. Besteak beste, bigarren eskuko azoka eta haurrentzako eskulanen tailerra antolatu nahi dituzte, baita poesia errezitaldia eta kontzertu bat ere. Halaber, mural handi bat sortu nahi dute herritarrek mezuak eta marrazkiak egin ditzaten.

Oraindik antolakuntza lanetan dabiltzan arren, taldeko kideek gogora ekarri dute abendu hasieran Gabonetako jostailuen bilketa egiten dela Herriko Plazan, eta hitzordu horrekin batera ospatu nahiko lukete jarduera sorta, biak "uztargarriak" direlako.

Antolatzaileek elkartzeko "gogo handia" dutela kontatu dute. "Proiektu berri hau batzen gaituen arrazoia izatea nahi dugu. Guztiok batuta egotea eta gatazkari buruz kontzientziatzea da kontua".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide