Tarteka euria, tarteka ateri, eta aldian behin, eguzki printzak ere izan dira Azpeitiko plazan gaur eguerdi artean. Jan-edanerako festa bikaina izan da Ardo Dastaketa Egunaren 18. aldian, eta herritarrek hamabi upategitako ardoak dastatzeko aukera izan dute 11:30etik 14:30era artean. Ardoa dastatu bakarrik ez, txorizo egosi eta gazta pintxoak jateko parada ere izan da plazan.
Egitasmo horren barruan, Euskal Herriko 11. Txorizo Egosi Txapelketa jokatu da gaur. Hemeretzi harategi izan dira parte hartu dutenak, eta Kepa Loidi Orioko harategiak jaso du laugarrenez txapela. Bigarrena Donostiako Okela harategia izan da eta hirugarrena Zegamako Patxi Oiarbide harategia. Beraz, Gipuzkoakoak izan dira hiru saridunak.
Loidi harategikoak "oso pozik"
Kepa Loidi harategiko Ainhoa Loidik jaso du Euskal Herriko 11. Txorizo Egosi Txapelketako txapela Mikel Odriozola Festetako zinegotziaren eskutik. Loidi pozik azaldu da laugarren txapela jasota. Urtero aurkezten da Azpeitian jokatzen den txapelketara, "txorizo egosiaren txapelketa bakarra delako", haren esanetan. Gainera, Azpeitikoa "bere xarma" duen lehiaketa da, Loidiren ustez. Lau semeak ondoan zituela jaso du txapela Loidik, eta adierazi du haiek direla "aurrera egiteko indarra", eta horregatik haiekin igo da plazako kioskora saria jasotzera. Txapela eta garaikurra "momentu zailetan ondoan dituen etxekoei eta ingurukoei" eskaini dizkie.
Orioko harakinak txorizo denak modu berean ekoizten ditu, baina Azpeitira ekartzeko orduan "itxura onena dutenak edota mimatuenak" aukeratzen dituzte.
Txorizo egosi lehiaketako epaimahaia Agustin Jimenezek, Hegoa Larzabalek eta Beatriz Larrañagak osatu dute, eta ez dute lan makala izan txapelduna erabakitzeko. Izan ere, lehen bi sailkatuek berdinketa egin dute aurreneko puntuazio aldian, eta bigarren puntuaketa aldian erabaki beharra izan dute. Txorizoak egosten Izarraitz igeri elkarteko igerilariek jardun dute, eta pintxoak prestatzen eta banatzen Misio Taldeko zein Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideek. Pintxoak salduta bildutako dirua hiru elkarte horien artean banatuko dute.
Ardo dastaketa eguna girotzeko, mahatsez betetako aska bat jarri dute plazan, eta Luis Alberdi Beltza-ren dantza suelto eskolako bi bikotek zapaldu dute mahatsa.
Azpeitiko Udalak antolatu du Ardo Dastaketa Eguna, Dendarteanen, Odriozola Ardoaken, Ederto Harakelen eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren laguntzarekin.