Orio Arraunketa Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirolgalako “Kirol Meritu” kategorian saria irabazi du, klub osoak egindako denboraldi bikainagatik.
Izugarrizko arrakasta izan dute aurten klubeko kategoria guztiek egindako lan itzelaren ondoren. Gizonezko seniorrak 2025eko Eusko Label Ligako eta Kontxako Banderako txapeldunak izan dira, emakumezko seniorrak Euskotren Ligan nahiz Kontxako Banderan hirugarren postua lortu dute, Orio B taldea KAE2 ligaren txapeldun bilakatu da, eta arraun eskolakoek lehiatutako Espainiako txapelketan inoizko urrezko domina gehiena lortu dituzte.
Hori dela eta, denboraldian zehar egindako ahalegin handiagatik, azaroaren 13an Donostiako Tabakalerako Patio Aretoan egingo den galan Orio Arraunketa Elkartea omenduko dute, 19:00etatik aurrera, beste kategoriatako sariak banatzearekin batera.