Orio Arraunketa Elkarteak eta Kolonbiako Tigers Club taekwondo taldeak truke kulturala egin dute aurten aurreneko aldiz. Irailaren 18tik 27ra, Bogota hiriburuko auzo txiro bateko lau gazte eta beren entrenatzailea izan dira Orion.
Ekain Zubizarreta Orio Arraunketa Elkarteko arraun eskolako arduradun ohiaren bitartez egin zuten harremana bi aldeek. Irakaslea eta ikertzailea da EHUko Kirol eta Hezkuntza fakultatean Zubizarreta, eta Kolonbian ibili da han martxan jartzen ari ziren hezkidetza proiektu bat aztertzen. "Jendea baloreetan hezteko metodologia bat da, kirol entrenamenduetan aplikatzekoa, eta Kolonbian egin dute proba, Bogota hegoaldeko Usme izeneko auzoan. Hogei klub aritu dira metodologia horrekin funtzionatzen, eta gu iaz eta aurten han izan gara, metodologia horren aplikazioa aztertzen", azaldu du.
Zubizarreta hiru urtez izan da OAEko arrau eskolako koordinatzailea, eta arraun klubeko zuzendaritzari proposatu zion trukea egitearen aukera hori, interesgarria iruditzen zitzaiolako elkarrengandik ikas zezaketena.
Kolonbian harreman "oso ona" egin zuten taekwondoko Tigers klubarekin, eta OAEko zuzendaritzaren baiezkoa jasota, hasierako asmoa izan zen aurtengo irail amaieran bi entrenatzaile eta zortzi kirolari etortzea Oriora. Hainbat arazo tarteko, azkenean 16 eta 18 urte arteko lau gaztetxo etorri dira entrenatzaile bakarrarekin, eta Orioko hiru familiaren etxeetan hartu dute ostatu. "Familiak txoratzen gelditu dira, gazte oso-oso jatorrak iruditu zaizkie", kontatu du Zubizarretak.
Bidaiaren gastua gazte kolonbiarren familiek hartu dute beren gain "esfortzu handia eginez", eta arraun klubak, berriz, aireporturako joan-etorriak eta halakoak ordaindu ditu, baita agurreko otordua ere. Orioko Udalak ere hainbat erraztasun eta laguntza eman dizkie hemengo egonaldirako, udal zerbitzuak erabiltzeko aukera emanez, besteak beste. Gainera, hemengo familiek lotarako tokia eta otorduak eskaini dizkiete, eta hori laguntza handia izan da haientzat.
Taekwondoaz gain, hezkidetza lantzen
Astebeteko egonaldian, oriotarrek arraun klubeko kirol metodologia erakutsi zieten, eta uretara ere atera ziren elkarrekin. "Zoratzen" gelditu omen ziren esperientzia horrekin.
Haiek, berriz, taekwondoko entrenameduak nolakoak diren azaldu zieten. Beraiek lantzen duten hezkidetza metodologian ez zuten asko sakondu, "horrek beste lanketa bat eskatzen duelako, epe luzekoa", Zubizarretaren iritziz. Horrez gain, taekwondoko saioak egin zituzten Ikastolan DBH 4. mailako ikasleekin eta Zaraguetan hainbat mailatakoekin, heziketa fisikoko saioetan. "Bi eskoletan oso gustura gelditu dira bai gazteak, bai irakasleak", nabarmendu du EHUko ikertzaileak.
Hezkidetza arloan askorik sakondu ez arren, Zubizarretak aitortu du harrituta gelditu zela kolonbiarrek erakutsitako talde izaerarekin eta taldeko arazoak konpontzeko zuten moduarekin. "Guk izan genituen bullyng arazo batzuk arraun klubean, eta kosta egiten zen horiek konpontzea; talde askotan gaztetxoen artean haserreak egoten ziren, eta guk ez daukagu horiei aurre egiteko lanketa zehatzik modu transbertsalean lantzen denik. Beraiek, bai". Horregatik, Zubizarretari interesgarria iruditu zitzaion hemengo entrenatzaileek horren berri edukitzea.
Orio eta inguruak bisitatzen
Kirol arloa albora utzita, kolonbiarrek egonaldia aprobetxatu zuten Orio ezagutzeko, noski, eta gizonezko arraunlariei Eusko Label liga irabazteagatik egindako errezibimendua bizitzeko aukera ere izan zuten, pare-parean egokitu zitzaielako.
Itsasoa ezagutzeko parada ere izan zuten. Izan ere, bostetik lauk ez zuten inoiz ikusi, eta haientzat "sekulakoa" izan dela nabarmendu du Zubizarretak. Hemengo kaleetan lasai ibili ahal izatearen sentsazioa ere asko estimatu zutela azaldu du horrek, "han egoera bestelakoa baita".
Donostian eta inguruetan hainbat bisita egiteko aprobetxatu zuten egonaldia gaztetxoek, gainera: esaterako, Aquariumean izan ziren, baita Pasaiako Albaola itsas kultur faktorian ere.
Esperientzia bi aldeentzat izan da "zoragarria", eta horregatik, bi kluben artean lankidetzan jarraitu nahi lukete, eta bizpahiru urte barru gaztetxo gehiago ekarri Oriora klub horretatik bertatik.
(Argazkiak: utzitakoak)