Anjel Lertxundiren ibilbide literarioa sarituko dute Irun literatura sarietan

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 9a

Anjel Lertxundi idazlea, 'Anjel Lertxundi: idazlea eta obra' liburuaren aurkezpen ekitaldian. (Intza Trula)

Irun Literatura Sarien 46. edizioko banaketa ekitaldia egingo dute azaroaren 22an, eta aurten Anjel Lertxundiren ibilbide literarioa omenduko dute. Sariok Garazi Kamio Anduagak, Karlos Linazasoro Izagirrek, Mario Marinek eta Marina Casadok jasoko dituzte.

Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien 46. edizioko sari banaketa egingo dute Irungo (Gipuzkoa) Kontserbatorioan, azaroaren 22an. Aurtengo edizioan Anjel Lertxundiren ibilbide literarioa sarituko dute, Ibilbide Saria aitortuta. Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta haur eta gazte literaturako Galtzagorri Elkarteak osatu dute epaimahaia, hain zuzen ere.

Anjel Lertxundik literaturaren esparru guztiak landu ditu, hala nola, nobela, ipuinak, itzulpenak, egunkarietako artikuluak, saiakerak eta haur nahiz gazte literatura. 1970ean argitaratu zuen bere lehen liburua, Hunik arrats artean, eta iaz azkena, Berbelitzen hiztegia.

Hainbat sari ere jaso ditu idazleak azken urteetan. Besteak beste, Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen 1983an eta 1991n, Hamaseigarrenean aidanez eta Kapitain frakasa lanengatik. 1999an Euskadi Saria jaso zuen Argizariaren egunak lanagatik, eta 2010ean Espainiako Saiakera Sari Nazionala, Eskarmentuaren paperak lanagatik. 2010ean, Rosalia de Castro saria jaso zuen bere ibilbide literarioagatik. 

Gainontzeko sariei dagokienez, lehiaketaren lau modalitateetako irabazle sarituko dituzte: Garazi Kamio Anduaga, Moebiusen Ertzak euskarazko eleberriagatik; Karlos Linazasoro Izagirre, euskarazko poesiaren atalean, Bazter utzietan lanagatik; Mario Marin, gaztelaniazko CMYK eleberriagatik; eta Marina Casado, gaztelaniazko poesian, Un mar que nadie mira lanagatik.

Lan horiez gain, aipamen berezia jaso dute ere Txema García-Vianaren Bidaiak, laztanak eta orbainak euskarazko eleberriak eta Maite Lópezen Las Herasen Oren hilak euskarazko poesia lanak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide