XContest Euskadi 2025 parapente distantzia ligak Orion egingo du datorren azaroaren 16an, 12:00etan hasita, bere sari banaketa ekitaldia. Ia urtebeteko lehiaren –azaroaren 1etik irailaren 30era– ostean, Euskal Aire Kirol Federazioko (EAKF) eta Nafarroako Aire Kirol Federazioko (NAKF) piloturik nabarmenenak bilduko dira hitzorduan, Euskal Herriko zeruetan egindako hegaldi "ikusgarrienak" saritzeko.
XContest Euskadi Euskal Herriko parapente komunitatearentzat erreferentziazko proba dela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, parte hartzaileek Hego Euskal Herriko lurraldeetatik aireratu behar izan dituzte hegaldiak. Sailkapen orokorrerako, pilotu bakoitzaren sei hegaldi onenak hartu dituzte kontuan, baldintza batekin: gutxienez hegaldi bana Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik eta Nafarroatik aireratua izatea, "gure lurraldeko aniztasuna eta zailtasuna" sarituz.
Txapelketak hainbat kategoria saritzen ditu, hala nola, Club, Sport, Serial, Generala edo Tandem, baita klubik onenak eta 100 kilometroko muga gainditu duten pilotuen taldea ere.
EAKFko parapentezaleek antolatu dute ekitaldia, Orioko Udalarekin elkarlanean, eta hitzordua eguraldiaren arabera egokituko dutela ere aurreratu dute: eguraldi ona eginez gero, sari banaketa Orioko lurreratze eremu berrian egingo dute; eguraldi txarra egiten badu, ekitaldia Orioko Arraunetxera lekualdatuko dute. Sari banaketaren eta parte hartzaileen arteko zozketen ondoren, antolatzaileek hamaiketakoa eskainiko diete bertaratutakoei, egunari amaiera emateko.