Dagoeneko eskuratu daitezke Boxeo Gaua jaialdirako sarrerak

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 7a

River Box&Roll klubeko ikasleak eta borrokalariak. (Arnaitz Rubio Aprea)

River Box&Roll klubak antolatu du hitzordua, eta azaroaren 29an "borroka onak eta maila handikoak" ikusteko aukera izango da Karela kiroldegian. Sarrerak dagoeneko eskuragarri dira Mirotzan, Barakan eta kiroldegian. 

Orioko River Box&Roll klubak azaroaren 29rako boxeo jaialdia antolatu du Karela kiroldegian, 20:00etan hasita, eta hamar borroka ikusteko aukera egongo da, horietako lau neoprofesionalenak; zehazki, maila horretako Euskadiko Txapelketak hartuko ditu Orioko jaialdiak. Ibai Marin klubeko ordezkariak aurreratu duenez, "borroka onak eta maila handikoak" ikusi ahal izango dira. Euskadiko Txapelketan hartuko dute parte, hain zuzen ere, Fermin Barrenetxeak eta Aritz Rekartek.

Amateurren borrokaldietan, berriz, Orioko klubeko boxeolariek ere parte hartuko dute: Eneko Gaztañaga eta Mikel Arruabarrena oriotarrek, Liher Arizaga eta Igor Arruti aiarrek eta Nico Gogenolak, zehazki esateko.

Ikuskizunerako sarrerak dagoeneko eskuragai dira Mirotzan, Barakan eta kiroldegian bertan, 20 euroren truke. Egunean bertan ere erosi ahalko dira, 22 euroan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide