Kursaalen eskaintzen diren kontzertuetarako joan-etorriak errazteko autobusak jarri ditu Donostiako aretoak. Oraingo honetan, Les Arts Florissants orkestraren The Fairy Queen ikuskizuna ikustera joateko garraiobidea jarriko du kostaldeko herrietan, Orio barne. Ekitaldia azaroaren 19an izango da, 19:30etik aurrera.
Frantziako orkestrak, Compagnie Käfig dantza konpainiaren laguntzarekin eta Paul Agnew zuzendariaren gidaritzapean, hip-hop eta dantza garaikideko beste moldeen mugimenduz jantziko du The Fairy Queen lanaren bertsio hau.
Oriotik emanaldira autobus bidez joateko asmoa dutenek aurrez izena eman beharko dute 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta. Autobus geltokitik aterako da 18:40an. Emanaldiko sarrerak salgai daude kursaal.eus webgunean.