Esteban Gozategi eta Iosu Salegi arotzek, Jon Maia kulturgileak, Eider Arruti Albaolako langileak eta Xabier Alberdi historialariak ez dute elkartzen dituen ezaugarri gehiegi izango seguruenera, baina badute barrua mugitzen dien proiektu bat: San Joan baleontzia. 1515. urtean Kanadako uretan hondoratu zen, eta haren erreplika bihar arratsaldean Pasaiako itsasadarrean barneratzen ikusiko dute Euskal Herriak eta munduak. Albaola itsas kultur faktorian eraiki dute XVI. mendeko ontziaren erreplika, orduko teknika berak erabilita, eta soilik azken lanak egitea –mastak eta belak jartzea– faltako du aurrerantzean.
Astelehena da, uretaratze egunerako lau egun falta dira, eta Zumaiako azken ontziolaren aurrera eraman du kazetaria Jon Maia kulturgile zumaiarrak, beste ontziola eta beste garai batzuez hitz egiteko. Maia hasieratik egon da Albaolaren proiektuan oso murgilduta, eta gaur arratsaldeko ekitaldia ere berak aurkeztuko du. "Euskal Herriak ez du asko begiratu bere itsas historia, baina garrantzitsua da gure burua ezagutzea. Jende gutxik erlazionatzen du Balenciaga ontziola dela ziurrenik Zumaian martxan den lanbiderik zaharrena, 700 urte dituen ofizio baten azken aztarna. Albaolak hartu du ardura hori bere gain: hau da, gure itsas kultura begi bistara ateratzea berriz, eta galdutako prestigioa eta ezagutza berreskuratzea", azpimarratu du.
Eskuz esku, alez ale
Zumaiatik Pasaiara salto eginez, Albaolan, San Joan ontziaren inguruan elkartu dira astelehenean bertan Gozategi oriotarra eta Salegi azpeitiarra aspaldiko partez. Salegi 2013ko udan hasi zen han lanean. "Taldetxo bat sartu ginen, behar handia zegoelako, batez ere kanpoko eraikinaren estalkia egiteko etab. Urte eta erdi edo egin genuen, eta gero itsasontzian hasi ginen, esku bat botatzen hasieran, eta gero, geu pixka bat ikasten, ontziko atal batzuk egiten: hasierako saihetsarena, bizkarrezurra killarena...". Aspaldian baleontzira itzuli gabe zen, eta "oso sentimendu polita izan da" berriz han sartzea. "Oroitzapen asko datozkit. Begira ibili naiz ea guk egindako piezak non zeuden. Oso pozgarria da zeuk egindako hondar aletxo txiki hori hor dagoela ikustea".
Gozategi hasiera-hasieratik ibili zen proiektuan buru-belarri, beste arotzei aginduak emanez eta irakatsiz. "Aurren-aurrena eraikina egitea zen, astilleroa egin behar zen. Ondoren, itsasontzian, aurreneko gauza killa egitea zen, azpiko bizkarrezurra deitzen zaiona, eta gero, kostilla jendeak eta... Ez dakit zenbat izango ginen, hamar bat edo: batzuek killa egiten zuten, beste batzuek armazoiak prestatu, egurrak zehaztu, plantilak egin... Estruktura gehientsuena guk egindakoa da", oroitu du. Mimoz eraikitako baleontzia uretan ikusteko desiratzen dira bi arotzak.
Eider Arruti Albaolako langile oriotarrak ere badaki zer den eskuekin egurra lantzea, eta baita baleontziaz eta proiektuaz herritarrak informatzea ere. Gukarekin elkartu aurretxoan egin du bisita gidatu bat. Astelehenetik aurrera, ordea, asko aldatuko dira gauzak Albaolan: "San Joan baleontzia ez da egongo hemen, portuan baizik azken lanak egiten, eta hemen ontzi berri bat sartuko da. Goitik beherako egokitzapen lanak egin beharko zaizkio, eta ontzi horri lotutako erakusketa berri bat izango dugu. Euskal Herriko historiaren beste ataltxo bat", aurreratu du. Arrutik balioan jarri nahi izan du baleontziaren inguruan egin den lan guztia, baita egindakoak daukan inportantzia ere: "Garrantzitsua da esatea hasieratik amaierara arte nabigazio eta eraikuntza prozesu tradizionala eramango duen munduko ontzi bakarra San Joan izango dela, eta hori posible izango da Unescoren babesagatik. Gauzak egin dira, eta egin dira oso ondo, oinarri sendo batzuekin, eta oinarri sendo hori da proiektu honek utziko duen arrastoa, eta arrasto hori balioan jarri beharra dago".
Egun berezia
Biharkoa egun berezia izango da boskotearentzat. Maiak hala nabarmendu du: "Proiektu honetan parte hartu dugun guztiontzat sentimentalki egun oso sakona izango da. Gainera, munduko itsas elkarte, zientzialari eta arkeologoenbegiak Pasaian egongo dira, mundu osoaren begirada, ze, munduarentzat ere, mugarri bat izango da, inoiz ez delako egin XVI. mendeko ontzi baten erreplika zientifiko bat". Salegirentzat eta Gozategirentzat ere "egun polita" izango da. Gozategirentzat "egindako lanaren satisfazioa" gelditzen da. Txantxa giroan amaitu du elkarrizketa oriotarrak: "Hori bai, tente egon dadila". Xabier Alberdi historialari zarauztarrarentzat, San Joanek ondo irudikatzen du XVI. mendean Euskal Herrian zegoen "goi mailako jakintza teknologikoa". Historialari gisa zer xehetasunekin geldituko litzatekeen galdetuta, ordea, bestelako erantzuna eman du: "Ohituta nago beti paper zaharretan gauzak irakurtzen, baina ez nuen inoiz imajinatu benetan zer zen ontzi hori. Paperetan fosilizatuta dagoen gauza bat berriz bizirik ikusteak harritu nau gehien".
Bihar abentura honen fase berri bati ekingo dio San Joan euskal baleontziak.