Krispeta Ostegunak egitasmo berriarekin dator Etxeluze gaztetxea. Neguan zehar, hilabetean behin, ostegunetan, filma ezberdinak botako dituzte gaztetxean. "Gure herriaren historiari lotutakoak izango dira batzuk, beste batzuk, beste herri edo gaiekin lotura dutenak izango dira, besteak beste, Palestina edo Irlanda", kontatu dute antolatzaileek. Halaber, filmak "gai eta historia ezberdinak jorratzeko eta ahanzturan ez erortzeko" helburuarekin proiektatuko dituztela azaldu dute, eta lehenengo emanaldirako Zohardia aukeratu dute, hain zuzen.
Markel Andiak eta Lander Iruinek zuzendutako filma da Zohardia. Josu Muguruzaren bizitza kontatzen du, Bilboko Errekalde auzoan jaio eta "intentsitate handiko bizitza laburregia izan zuen militante sutsuarena", hain zuzen ere. Hainbat mugimendutan ibili zen Muguruza: ASKko militantea, Egineko korrespontsala, AEKko irakaslea edota HBko diputatua izan zen, 1989ko azaroaren 20an hil zuten arte.
Data hori hurbiltzen ari dela eta, Zohardia proiektatzea erabaki dute, "Josu ahanzturan eror ez dadin". Emanaldia azaroaren 13an izango da, Etxeluzen, 19:30ean hasita.