Orioko Udalak herritarrekin bilera irekia egingo du datorren astean, hilaren 13an, 19:00etan Kultur Etxean. Antilla hondartzatik hasi eta autobideko zubi azpira arteko eremuak "eraldaketa prozesu esanguratsua jasan" du azken hogei urteetan, eta bilakaera horren nondik norakoak eta datozen hiletarako aurreikusitako lanak azalduko dizkie herritarrei bilera horretan, gaur prentsa ohar bidez jakitera eman duenez.
Udalak hamasei hektarea inguru dituen eremuaren egungo egoera baloratu nahi du, eta hurrengo urratsak herritarrei azaldu, "hala nola, kanpinean aurreikusitako lanak, hondartzako zerbitzuen hobekuntza eta ingurumenari lotutako egokitzapenak".
Gaian interesa duten herritar guztiak daude batzarrera gonbidatuta, eta aurkezpenaren ondoren, galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera edukiko dute horiek.