Atzo, azaroak 1, Orioko Surf Taldeak antolatutako urteko Surf Txapelketa jokatu zen Antilla hondartzan. Eguraldi eta haize aldakorrek ez zuten surflarien gogoa zapuztu, eta olatu onak izan ziren egun osoan zehar. Antolatzaileak zein parte hartzaileak "oso pozik" agertu dira emaitzarekin eta giroarekin.
Antolatzaileek azpimarratu dute aurten ere auzolana eta elkarlana izan direla txapelketaren gakoa. Surflari gaztetxoenak boluntario lanetan aritu dira antolakuntzako zeregin guztietan, eta horrek komunitate giro berezia sortu du: "Surf egun eder batean denok elkarrekin gozatzeko aukera izan dugu beste behin ere", adierazi dute Orioko Surf Taldeko arduradunek.
Hona hemen kategoria guztietako emaitzak:
Open kategoria
1.Lur Iglesias
2. Ander Agirre
3.Liber Gesalaga
4. Einer Aranguren
Emakumeak
1. Jone Uriarte
2. Ibone Iturbe
Master +50 kategoria
1. Iñigo Fernandez
2. Iker Ostolaza
3. Jose Ignacio Albeniz
4. Mikel Martin
Bodyboard modalitatea
1. Unai Xabala
2. Einer Aranguren
3. Ur Agote
Sari berezi bat ere banatu zuten atzo: Xabier Puertasi eman zioten erorketa ikusgarrienaren saria, ikusleen txalo artean. Gainera, Expression Sessionean ikusgarriz betetako uneak bizi izan ziren. Irabazlea Iñaki Aranzasti izan zen, galtzontzilotan eta kortxipanezko taularekin olatu batean hankaz gora egindako akrobaziarengatik. Bigarren postuan Beñat Arrillaga eta Asier Gaztañazpi sailkatu ziren, Orioko Arraun Elkarteko arraunlarien arropa jantzita, taula bakarra eta arraun batekin olatuak hartuta.
Orioko Surf Taldeak eskerrak eman dizkie parte hartzaile, boluntario eta ikusle guztiei, eta azpimarratu du ekitaldi honek "surfaren balioak, adiskidetasuna eta herri-giroa" uztartzen dituela.