Robot eta bideojoko artean, logika eta matematika jorratzen

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 31a, 09:00

Azken urteetan gero eta herri gehiagotan ematen dituzte robotikarekin nahiz bideojokoen programazioarekin lotutako ikastaroak. Orion, estreinakoz ari dira gaia haurrekin lantzen.

Lego piezekin robot bat muntatu eta ordenagailuan programa bat erabilita hari aginduak eman, aurrera eta atzera ibil dadin, pieza batetik bost zentimetrora geldi dadin edo pieza hori altxa dezan? Bideojokoa sortu eta lagunekin jolastu? Haur eta gaztetxo askoren ametsa izan daiteke, baita heldu batzuena ere.

Baina gero eta toki gehiagotan ari dira halako ekintzez gozatzeko ikastaroak martxan jartzen. Aurten, esaterako, Orion bi talde sortu dituzte, eta astean behin ari dira Kultur Etxean elkartzen, ordubetez, ondo pasatu bitartean robotikaren eta bideojokoen programazioaren mundura gerturatzeko. LH 3 eta LH 5 arteko gaztetxoak dira, 9-11 urte bitartekoak, eta begiek dir-dir egiten diete. "Laster bideojokoak egiten ikasiko dugu", kontatu dute. Eta beraien artean hasi dira bideojoko horien edukiak irudikatzen.

Aste honetako eskolan, ordea, robotikarekin jarraitzen dute, eta berehala ahaztu dira bideojokoez. Aurreneko saioetan piezaz pieza beraiek eraikitako robotari hiruzpalau agindu ematen ikasi dute azken saioan: aurrera joan eta objektu baten parera iristen denean hura jo gabe gelditzen; atzeraka ibiltzen; besoa altxatu eta jaisten; beso horrekin objektu bat hartzen...

Errazena eta zailena

Doplay enpresako Jon Blanco begiralea gustura dago Orioko gaztetxoekin. Binaka jarrita, tablet eta robot bana edukitzen dute, eta haren instrukzioak jarraitzen dituzte saioaren zati handienean.

Tarteka, esperimentatzen uzten die, eta orduan, ez da giro izaten mahaiaren bueltan, irudimena hegan hasten denean.

Oraindik egiten duten guztia barneratzeko gazteegiak diren arren, jolasaren bidez logika eta matematika lantzen dituzte, eta horixe da, hain zuzen, ikastaro horien helburua. "Adin horretako haurrentzat zailena da egiten dutena ulertzea, pauso guztien atzean dagoen logika harrapatzea, baina aldi berean, hori da pixkanaka garatzen joaten direna ikastaro hauetan", esan du. Errazena, berriz, "robota muntatzea" dela deritzo. 

Ekainera arte bide luzea dute egiteko, baina hasiera, behintzat, gustagarria ari zaie egiten partaide gazteei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide