Euskara eta munduko hizkuntza gutxituak izeneko hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Orioko Udalak eta Garabide elkarteak antolatuta. Saioa 19:00etan hasiko da Salatxo aretoan, eta maputxea, guarania eta Haitiko kreolera hizkuntzen ordezkari banak hartuko du parte, haien hizkuntzek bizi duten egoera azaltzeko. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, eta sarrera doakoa da. Urtero hizkuntzak biziberritzearen inguruko Aditu izeneko formazioa eskaintzen du Garabidek, eta aurten hemezortzi hizkuntzalari etorri dira Euskal Herrira sei astez. Hain zuzen, horietako hiru izango dira bihar arratsaldean Orion.
Garabideko kideek azaldu dutenez, aurrena online ikastaro bat egin zuten nork bere herrialdean, eta irail erdialdetik daude Euskal Herrian, hil honen amaierara arte. Euskal adituekin klase teorikoak hartzen aritu dira, eta hainbat bisita egin dituzte: eskoletara, Euskaltzaindiara, hedabideetara, etab. Ondoren, praktikak egin dituzte, nork bere ezagutzan sakontzeko, eta azken astean, proiektu "xume eta txikia" egiten ari dira, ondoren beraien komunitateetan martxan jartzeko.
Bertakoen ahotik
Garabidek "aspaldidanik" hitzarmena dauka Orioko Udalarekin, eta biharko hitzaldia izango da herritarrek Garabideren lanaren berri izan dezaten eta, bereziki, gutxitutako hiru hizkuntza horiez eta haien komunitateez informazioa jaso dezaten bertako hiztunen ahotik. "Beraien hizkuntzak izango dituzte hizpide, baita beraiek zer harreman izan duten ere hizkuntza horiekin. Izan ere, batzuek txikitan etxean ikasi dute, beste batzuek helduaroan, kontzientzia hartu dutenean, eta kontatuko dute nola irudikatzen duten beraien hizkuntza 20-30 urte barru, eta baita Euskal Herriko egonaldiaren ondoren beraiekin zer irakaspen eramango duten beraien komunitateetara".
Hitzaldia gaztelaniaz izango da, Hego Euskal Herrian bezala, haien herrialdeetako "hizkuntza hegemonikoa" ere horixe delako. Beraz, hiru esperientzia oso desberdin azalduko dituzten arren, agerian geldituko dira antzekotasun batzuk ere, bai beren artean, bai euskal komunitatearekin ere. "Denok bizi izan ditugu esperientzia edo zapalkuntza batzuk komunak direnak hizkuntza gutxituen artean", eta Garabidekoen ustetan, hor "konexio puntua" sortzen da denen artean.
2005etik komunitateekin lankidetzan
2005. urtean sortu zuten Garabide elkartea, eta garapenerako lankidetza oso zehatza egiten dute: hizkuntza lankidetza. Euskararen biziberritze prozesua oinarri hartuta, beren hizkuntza biziberritzen ari diren komunitateak babesten dituzte eta egiten ari diren bidean laguntzen diete. Aldi berean, zubilana ere egiten dute, Euskal Herriko adituak harremanetan jarriz beste komunitateekin. Bi lan lerro dituzte: batetik, kanpora begirakoa, beste komunitate batzuei laguntzea, eta bestea, berriz, Euskal Herrira begirakoa, kanpoan egiten duten lanaren berri emateko eta, batez ere, mundu mailan hizkuntza gutxituek duten egoera Euskal Herrira ekartzeko eta jendeak jakin dezan zer den hizkuntza gutxitu bat, zergatik dauden munduan hizkuntza gutxituak, zein den beraien egoera, zer harreman duten euskararekin... Horretarako egiten dituzte Oriokoa bezalako hitzaldiak. Erakusketak, film emanadiak eta bestelako ekitaldiak ere egiten dituzte
Momentu honetan, Mexikon Yucatango maiekin ari dira lanean, Guatemalan kaqchikelekin, Kolonbian nasekin, Ekuadorren kitxuekin, Bolivian ketxua eta guaraniekin, Txilen maputxeekin, Ipar Afrikan amazighekin, eta Ekuatore Gineako bubiekin, besteak beste.