Orioko Udalaren "tristura eta kezka", emakumezko arraunlarien oharraren bueltan

Mireia Galarza Bastida 2025ko urr. 24a, 17:13

Orioko udaletxea, kanpotik. (Artxiboa)

Orioko emakume arraunlariei "babesa" adierazteaz gain, Orio Arraunketa Elkarteari eskura dituen baliabideak eskainiko dizkiola ere gehitu du erakundeak. 

Orioko Udalak "tristura eta kezka" adierazi ditu Orio Arraunketa Elkarteko emakume arraunlariek plazaratu duten oharraren aurrean. Lehenik eta behin, Orioko emakume arraunlariei "babesa" adierazi nahi izan die udalak. Izan ere, "gogorrak" dira, erakundearen hitzetan, oharrean egindako salaketak, eta une "zail" hauetan "arduraz" jokatu nahi duela esan du udalak.

Azken urteotan, berdintasun politikak garatzeko eta indarkeriarik gabeko bizitzen alde lan egiteko "borondate politikoa" erakutsi duela ere azaldu du udalak. Ildo horretan, Orio Arraunketa Elkartean gertatu denaren berri jasotzeko konpromisoa hartu du, eta horren aurrean, dagozkion neurriak hartzeko, elkartearekin duen hitzamenaren baitan.

Udalak, gainera, elkarbizitzaren eta berdintasunaren alorrean lan egiteko konpromisoa duela azpimarratu du, eta eskura dituen baliabideak eskainiko dizkiola Orio Arraunketa Elkarteari, egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide