Urtero bezala, San Silbestre lasterketa egingo da aurten ere herrian urteko azken egunean Orioko Atletismo Taldearen eskutik, eta elkarteak jakinarazi du zabalik dagoela izena emateko epea. Kronoak.com webgunean egin behar da izen-ematea; haurrek doan egin ahalko dute lasterketa, eta helduek, 10 euro ordainduta.
Ohi bezala, haurrek taldeka egingo dute korrika. Aurrena, HH 5. mailatik beherakoen txanda izango da, 11:00etan. Kutxa paretik helmugara arteko bidea egingo dute, 150 metro guztira. LH 1 eta LH 2 mailetakoek handik hamar minutura egingo dute lasterka, 11:10ean, Sarasua paretik helmugara (300 metro) eta ondoren, 11:20ean, LH 3 eta LH 4 mailetakoek (600 metro). LH 5, LH 6, DBH 1 eta DBH 2 mailetakoek, berriz, 11:30ean egingo dute korrika. San Silbestreko buelta txikia egingo dute horiek (1.700 metro).
Azkenik, helduen proba 12:00etan hasiko da. Horiek aurrena buelta txikia egingo dute, eta ondoren, buelta handia (1.700 metro + 3.300 metro).
Ohi bezala, aurreneko hiru gizon eta emakumeentzat sariak egongo dira, eta partaide guztien artean ere beste hainbat sari zozkatuko dituzte.
Dortsalak, bi egunetan
Atletismo taldekoek jakinarazi dutenez, "iazko banaketa arazoak saihesteko", aurten bi egunetan banatuko dituzte dortsalak. Probaren bezperan, abenduaren 30ean ,18:00etatik 20:00etara jaso ahalko dira, eta baita egunean bertan ere, 09:00etatik 10:30era.
Bi hitzorduetan, Ikastolako pergolan banatuko dituzte dortsalak.
Behobiara joateko autobusean tokia
Bestetik, Orioko Atletismo Taldeak gogorarazi du Behobia-Donostia lasterketara joateko autobusa jarriko duela aurten ere Oriotik, eta azaldu du oraindik tokia badagoela autobusean. Izena ematen duenak zortzi euro ordaindu beharko ditu. Ordainketa Bizum bidez egin daiteke 699 94 08 88 edo 665 75 68 11 zenbakien bitartez, baita eskura emanda ere. Jakinarazi dute dirurik ez dutela itzuliko.
Proba ezaguna azaroaren 9an, igandearekin, jokatuko da, eta Oriotik aterako den autobusa joateko bakarrik izango da. 08:00etan abiatuko da, Bikamiotako biribilgunetik.