Orio Arraunketa Elkarteak gaur bertan iragarri du zein izango den Orioko emakumezkoen traineruko entrenatzailea datorren denboraldian: Xanti Zabaleta oriotarrak hartuko du ardura, eta prestatzaile fisikoa beste oriotar bat izango da: Iñigo Mujika.
Horrenbestez, "proiektua martxan" dagoela nabarmendu du klubak, eta datozen asteetan hasiko dela taldea lehorreko entrenamenduekin. "Luxuzko inkorporazio hauekin" Orio Arraunketa Elkarteko talde teknikoa "osatutzat" eman du klubak.
Arraunlari ohia da Zabaleta, eta esperientzia handia du entrenatzaile lanetan. Ibilbidea Zumaian hasi zuen gizonezkoen trainerua entrenatuz, eta ondoren Oriora joan zen, 2015-2016 denboraldian, nesken trainerua entrenatzera. Harekin Euskotren Liga bi aldiz segidan irabazi zuten oriotarrek, 2019an eta 2020an, baita Kontxako Banderak ere.
2021ean utzi zuen nesken taldea, eta hain justu, Patxi Francesek hartu zuen Zabaletaren lekukoa. Orain, alderantziz izan da: Francesek utzitako tokia hartu du Zabaletak.