Xerka izeneko erakusketa zabalduko dute ostegun honetan Saregile Orioko emakumeen etxean. Euskal Herriko landa eremuko pertsonen errealitatea mahai gainean jartzen duen fotokazetaritza proiektua da, eta helburu du LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesua kontatzea. Martxel Larraza kazetariak ondu du proiektua, eta hilabeteak daramatza mostra hainbat txokotan aurkezten. Joseba Olagarai kazetaria du bidelagun aurkezpen ekitaldi horietan; Orion ere solasaldia eskainiko dute erakusketa irekitzearekin batera, 19:00etan hasita, hain zuzen ere.
Lanari ekitean Larrazak garbi zuen zerbait "bisuala" egin nahi zuela, eta, horretarako, "asko landu gabeko" gai bat hautatu nahi zuela aditzera eman du. Proiektuaren egileak irratian entzun zuen lehen aldiz sexilioa hitza, eta haren esanahia oso garbi ez bazuen ere, hasiera-hasieratik erakarri zuela aitortu du. Hala, "isilpean" zegoen gai bat "argitara ateratzea" izan da Larrazaren xedea. Horretarako, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak jaso zituen egileak, eta, ondoren, horiek argazkietan bildu zituen.
Kazetariak kontatu duenez, bost protagonistek istorio ezberdinak izanda ere, badituzte hainbat puntu amankomunean: "Jasandako diskriminazioa ez ezik, esaterako, beraien sentipenak eta aurrera begirako ilusioak antzekoak dira. Uste baino lotura handiagoa zuten elkarren artean, lurralde eta adin tarte ezberdinetakoak badira ere".
Hamasei koadrok osatzen dute erakusketa, eta koadro horietan, argazkiak ez ezik, protagonisten testigantza idatziak ere aurki daitezke. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz, eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa aurkezten dute aipatu piezek, "gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren bidez".
Xerka Larrazaren Gradu Amaierako Lana izan zen 2023an, eta urtebete geroago saritu zuten: Berria egunkariak EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean antolatzen duen Komunikazioko gradu amaierako lanen III. Berria sariketa irabazi zuen, zehazki.
Aitortza hori gordeta zuen lana ezagutarazteko "aitzakia perfektua" izan zen Larrazarentzat, proiektua erakusketa fisiko bihurtzeko proposamena jaso baitzuen orduan. Estreinako aurkezpena bere herrian egin zuen, Etxalarren (Nafarroa), eta saio horren ondoren iritsi ziren gainerakoak: "Oihartzuna izan zuen aurkezpenak, ahoz aho zabaldu zen, eta beste herri batzuetan aurkezteko deiak jasotzen hasi nintzen", gogoratu du egileak. Une horretan batu zen proiektura Olagarai, eta udaberritik elkarrekin ari dira txokoz txoko erakusketa aurkezten. Saioetan "gaiaz entzuteko beharra" dagoela sentitu du etxalartarrak, eta ikusleengandik "esker ona" jaso dutela dio.