Arkuperen eskutik termo berrerabilgarriak lortzeko aukera izango dute herritarrek aste honetan

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 20a, 10:07

Pertsona bat kafea ateratzen termora. (Pixabay)

Osteguna bitarte, herriko taberna eta saltokiek kafez betetako 250 termo banatuko dituzte guztira. Egitasmoaren helburua da berrerabilpena sustatzea, plastiko eta hondakin gutxiago sortuz, eta "kafea modu jasangarriagoan gozatzeko aukera eskaintzea".

Arkupe Orioko ostalarien eta dendarien elkarteak berrerabilpena sustatzeko kanpaina jarri du martxan. Hain zuzen, termo berrerabilgarriak banatuko ditu herriko saltokietan erosi eta kontsumitzeagatik. 

Kanpaina gaur hasi eta ostegun honetan, hilaren 23an, amaituko da. Taberna edo saltoki bakoitzak bi aukera izango ditu; erosleen artean zozketa egitea edo lehenengo erosketa egin dutenak saritzea. Irabazleari  txartel bat emango diete, termoa kafez beteta zein tabernatan jaso behar duen jakiteko. Ostiralean, hilaren 24an, joan beharko du irabazleak Arkuperen kontura izango den kafearen bila. Guztira 250 termo banatuko ditu elkarteak. 

"Helburua berrerabilpena sustatzea da, plastiko eta hondakin gutxiago sortuz, eta kafea modu jasangarriagoan gozatzeko aukera eskaintzea", azaldu dute Arkupeko arduradunek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide