Konponketa eta joskintza tailerrak eskainiko dituzte arratsaldean

Julene Sorarrain 2025eko urriaren 17a

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Emaus fundazioak sortutako Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpainak azken geldialdia egingo du gaur Orion. 19:00ak arte bigarren eskuko produktuen azoka izango da Herriko Plazan, eta arratsaldean jantzien eta aparailu elektrikoen konponketa tailerrak ere egingo dituzte.

Ekonomia zirkularra sustatzea helburu duen Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpainak gaur izango du azken hitzordua Orion. Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Emaus fundazioarekin elkarlanean jarri du martxan egitasmoa, eta aurretik Zarautzen, Getarian, Aian eta Zumaian egin ditu geldialdiak. 

Gaur Orion dute hitzordua herritarrek; izan ere, 11:00etan zabaldu dute Herriko Plazan bigarren eskuko produktuen azoka. Berokiak eta askotariko arropak jarri dituzte salgai, baita altzariak ere. Azoka 19:00ak alde egongo da zabalik.

Arratsaldean, gainera, azokaren gune berean jarri dituzten mahaietan konponketa tailerrak egingo dituzte. Batetik, 16:00etan hasita, joskintza tailerra egin dute, eta, esaterako, praken galtza barrenak hartzen edo botoiak josten irakatsiko dute. Ordubete beranduago, 17:00etan, hasiko da gailu elektrikoak eta elektronikoak konpontzeko tailerra. Bi saioetara kaltetutako arropak edo matxuratutako gailuak eramateko eskatu diete herritarriei, haiei bigarren bizitza ematen saiatuko baitira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide